"Developpe Dantza" Nazioarteko Lehiaketa 2025

Zabalik dago 2025eko urtarrilaren 24tik 26ra Bilboko BBK Salan egingo den Developpe Dantza Bilbo-Bizkaiko Dantzaren Nazioarteko I. Lehiaketan parte hartzeko izena emateko epea. Banakako kategorietan munduko edozein herrialdetako 10 eta 19 urte bitarteko dantza klasikoko ikasleei zuzenduta dago lehiaketa, "talentu gazteak ezagutzera emateko eta euren ibilbidea bultzatzen laguntzeko" asmoz. Hala, sarien artean, diru-hornidurak ez ezik –7.000 euro baino gehiago guztira–, egonaldiak eta ikastaroak ere egongo dira estatuko zein nazioarteko hamabost bat zentrotan: Dantza Konpainia Nazionalean (Madril), Corella Dance Academyn (Bartzelona), Alberta Balletean (Kanada), Sodreko Ballet Nazionalean (Uruguai), Jude & Mikhaelev Ballet Academyn (Bordele) edo Academie Internationale d'Eté-n (Niza). Izen-emateak 2025eko urtarrilaren 11ra arte egin daitezke www.developpedantza.eus helbide elektronikoan. Nahikoa da online formularioa betetzea eta 40 euroko partaidetza-kuota ordaintzea (20 € Bizkaian bizi direnentzat).

Banakako hiru kategoriez gain (umeak –10 urtetik 12ra–, juniorrak –13tik 15era– eta nagusiak –16tik 19ra–), Developpe Dantza 4 eta 10 pertsona arteko taldeen emanaldietara ere irekita egongo da. Kasu horretan, taldeetako kideek ez dute adin-mugarik izango goitik, eta bi azpikategoriatan eman ahal izango dute izena: estilo librean eta euskal dantzan. Taldeentzako sariak garaikurrak eta diplomak izango dira, eta izena emateko kuota 10 € izango da pertsonako (5 € Bizkaian bizi direnentzat). 

BBK-k, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatuta, Nazioarteko Developpe Dantza Lehiaketa Igor Yebra dantzari bilbotar ospetsuak eta Jone Goirizelaia Olaeta Balletetako zuzendariak sortu zuten izen bereko elkartearen ekimena da. "Dantza hizkuntza unibertsal eta bateratu gisa" goiburuarekin, lehiaketak "dantzaren indar kulturalari eta sustraitzeari balioa ematea du helburu, baita dantza ikasleen eta profesionalen arteko topaketa sustatzea ere", antolatzaileen berbetan. Horretan lagunduko dute, neurri handian, Developpe Dantzak banakako hiru kategorietan lehen hiru postuak lortzen dituzten dantzariei emango dizkien hezkuntzarako eta lanerako aukera ugariek.

Developpe Dantzaren lehen edizio honetako nazioarteko epaimahaiko kideen multzoa Muriel Romerorekin itxi da. Romero Dantza Konpainia Nazionaleko zuzendari berria da datozen bost urteetarako. Murtziako dantzari eta koreografoa azken lau hamarkadetan kargu horretan egon den lehen emakumea da. Berarekin, jadanik batera baieztatuta zeuden Charles Jude (Pariseko Operako izarra, Lifar Fundazioko Presidentea eta Nureyev Fundazioko Zuzendaritza Batzordeko kidea), eta nazioartean ibilbide garrantzitsua duten Leire Ortueta (Royal Ballet Schooleko irakaslea eta Royal Ballet Companyko dantzaria), Mónica Zamora (Birmingham Royal Balleteko edo Australian Balleteko dantzari nagusia eta Londresko Royal Balleteko gobernadorea) eta Mikel Gonzalez Pujana (Olaeta Balletetako dantzari bakarlaria eta irakaslea) dantzari euskaldunak egongo dira.

BBK Sala

  • Epea 2024(e)ko Urriak 30(e)tik 2025(e)ko Urtarrilak 11(e)ra
  • EntitateaBBK
  • Deialdi-motaSariak eta lehiaketak
  • SektoreaArte eszenikoak
  • JardueraPrestakuntza, Sustapena eta zabalkundea

Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.