ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren filmen gordailuak 50 urte bete ditu
Bilboko Udalak sustatutako ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak Elías Querejeta Zine Eskolak bere film-gordailuari buruz hasitako ikerketa-proiektuaren lehen emaitzak aurkeztu ditu. Proiektu horretan, 1959 eta 2011 urteen artean ekoitzitako 16 eta 35 milimetroko proiekzioen 339 kopien bilduma dago.
Bildumaren zatirik handiena 1974tik aurrera ekoitzitako filmek osatzen dute. Urte horretan, garai hartako Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Lehiaketak, gaur egun ZINEBI izenez ezagutzen denak, Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioaren (FIAPF) nazioarteko kategoria lehiakorreko jaialdi gisa aintzatetsi zuen lehen aldiz. Sari horrek aukera ematen zien kategoria horretako lehiaketei beren araudian film sarituak Zinemaldiaren berezko helburuetarako gordailuan gera zitezen.
Elías Querejeta Zine Eskolan bi urtez lan egin ondoren, datu base bat sortu da, kasu gehienetan Zinemaldian saritu zituzten tituluak direla egiaztatuz. Hala gertatu zen Studio H & S (Walter Heynowski eta Gerhard Scheumann, antzinako Alemaniako Errepublika Demokratikokoa, RDA) filmografiaren zati batekin, Santiago Álvarez funtsezko dokumentalista kubatarraren film laburrekin, eta Begoña Vicario, Pedro Olea, Montxo Armendáriz, Ernesto del Río (ZINEBIko zuzendaria 1999 eta 2017 artean), Antton Merikaetxebarria, Javier Rebollo edo Juanma Bajo Ulloa euskal zinemagileen lanekin. Artxiboak Asociación de Amistad Hispano-Sovietica elkartearen funtsa ere gordetzen du, 16mm-ko 56 dokumentalez eta erreportajez osatua.
Euskarri fotokimikoko material horiek guztiak 2018ko martxoan utzi ziren Euskadiko Filmategian, behar bezala biltegiratuta eta kontserbatuta daudela bermatzeko. 2020an hasi zen bilduma katalogatzen.
ZINEBIk honako hauek ere gordetzen ditu: jaialdiaren katalogoak, Miqueldi/Mikeldi-ren aleak (lehiaketak argitaratutako egunkaria), MiniDV bilduma bat eta Zinemaldiko ikus-entzunezko egunkarien DVDa – Zineberri izenekoak eta 2003 eta 2010 bitartean egindakoak –, bai eta paperezko argazkiak, kartelak eta barneko eta administrazioko dokumentazioa ere.


