Berriro ireki eta urtebetera, Omako Basoa kultura-erreferente gisa finkatu da
- Berriro ireki zenetik Omako Basoak izan duen ibilbidearen lehenengo urteko balantzea positiboa da. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak basoaren kontserbazioarekiko eta kudeaketaren jasangarritasunarekiko konpromisoa indartu, eta bisitarien esperientzia aberasteko tresna teknologikoak ezarri ditu
Agustín Ibarrolaren obra berriro ireki zenetik urtebete igaro den honetan, Bizkaiko Foru Aldundiak kontserbazioarekiko eta jasangarritasunarekiko konpromisoa nabarmendu nahi du proiektuaren funtsezko zutabe gisa, eta balantze positiboa egiten du bisitariei eta ekimen teknologiko berriei dagokienez.
Foru-erakundeak eredu jasangarri bat jarri du abian Omako Basoan, bai diseinuan, bai kudeaketan. Basoa diseinatzean bertoko materialak erabili dira, mantentze-lan jasangarriak egiten dira eta une oro errespetatzen dira Basoko espezieak.
Aldi berean, bisita-eredu jasangarri bat ezarri da, bisitari-kopurua kontrolatzeko, aldez aurreko online erreserba-sistema bat erabiliz, jende-pilaketarik ez izateko eta kalitatezko bisita eta Basoaren eta ingurunearen babesa bermatzeko.
2023ko urrian berriro ireki zenetik, 73.998 pertsonak bisitatu dute obra paregabe hau, eta, hala, erreferentziazko kultura-helmuga gisa finkatu da.
Aurten, gainera, erabiltzaileentzako esperientzia hobetu da, eta baliabideak jarri dira bisitariek Agustín Ibarrolaren lana hobeto ezagut dezaten. Mapak eta liburuxkak diseinatu dira, eta web-orri bat garatu da, erabiltzaileei informazioa eskuratzen laguntzeko. Guztira 79.211 pertsonak bisitatu dute webgune ofiziala, eta horrek indartu egiten du teknologia digitalek espazioaren kudeaketa jasangarrian duten garrantzia.
Tresna horiei Omako Basoaren APP bat batu zaie orain, Agustín Ibarrolaren obra bisitatzen dutenen esperientzia hobetzen lagunduko duena.


