Juan José Montiel, 2024ko Aldecoa Sariaren irabazlea
- Beñat Arguinzoniz eta Ane Labaka Champourcin lehiaketaren irabazleak gaztelaniaz eta euskaraz, hurrenez hurren
- Maiatzean iragarri zen Ainhoa Urienek eskuratu zuela Aldecoa Beka, euskarazko ipuin bat idazteko
Kultura eta Kirol Sailaren mendeko Ignacio Aldecoa kultura etxeak urtero antolatzen dituen literatura sarien lehiaketaren emaitzak iragarri ditu Arabako Foru Aldundiak.
Hauek dira irabazleak:
- Ignacio Aldecoa Ipuin Literarioaren Nazioarteko Saria: Juan José Montiel Gálvez
- Ernestina de Champourcín Poesia Lehiaketa, gaztelaniaz: Beñat Arguinzoniz Cebreiro
- Ernestina de Champourcín Poesia Lehiaketa, euskaraz: Ane Labaka Mayoz
- Euskarazko literatur sorkuntzako Ignacio Aldecoa Beka: Ainhoa Urien Telletxe
Ignacio Aldecoa Ipuin Literarioaren Nazioarteko Saria
Juan José Montiel Gálvez idazleak irabazi du Arabako Foru Aldundiak 1972tik deitzen duen Ignacio Aldecoa Sariaren 53. edizioa.
"Cada Lunes de Aguas" kontakizun bildumako 'Todas las tardes había fiesta' ipuinak eskuratu du saria.
Hala erabaki du Antonio Altarriba, María Fernanda Ampuero, Jon Bilbao, Elvira Navarro eta César Sánchez Rodriguezek osatutako epaimahaiak. Epaimahaiaren ustez, bilduma irabazlea "kontakizun liburu klasikoa da, hitzaren zentzurik onenean, irakurlea muturreko egoeretara eta itzulerarik gabeko paraje arraroetara eramaten baitu. Bakardadea, erotasuna edo desira sakontasunez, narratiba sinesgarriz eta edertasunez tratatzen ditu (...)".
Lehiaketa honek 12.000 euroko saria du eta eskuratzen duen ipuin bilduma argitaratu egiten da. Saria martxoan emango diote irabazleari, Ipuin Literarioen Nazioarteko Jaialdian. Jaialdia martxoaren 10etik 16ra egingo da, Arabako hiriburuan.
Juan José Montiel Gálvez Antequeran jaio zen 1973an, eta 17 herrialdetako 300 izangairen artean aukeratu dute. Dokumentazioan lizentziatua da eta Bibliotekonomian diplomatua (Granadako Unibertsitatea). Egun, kazetari egiten du lan Alcalá la Real Información egunkarian, eta duela hamar urte baino gehiagotik du idazteko zaletasuna. Orain arte, hogeita hamar sari eta goraipamen baino gehiago lortu ditu; horien artean, aipatzekoak dira Julio Visconti Fundazioaren II. Kontakizun Lehiaketako lehen saria (2017), Juan Martín Sauras Kontakizun Laburren XXIII. Lehiaketako bigarren saria (2018), Bargasko XLII. Literatur Sariketako lehen narratiba saria (2020), Terueleko Poesia Maitatzaileen LX. Lehiaketa Nazionaleko (2021) accesita, Ricardo León XI. Literatur Lehiaketako lehen saria (2021) eta Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketako XXXVIII. Lehiaketako accesita (2021). Montielen kontakizunak hogeiren bat antologiatan sartu dituzte.
Ernestina de Champourcin Poesia Lehiaketa
Beñat Arguinzoniz Cebreiroren eta Ane Labaka Mayozen lanek irabazi dituzte Ernestina Champourcín 34. Poesia Lehiaketako gaztelaniazko eta euskarazko sariak, hurrenez hurren. Kategoria bakoitzean 2.000 euroko saria dago, eta irabazleen lanak argitaratu egingo dira.


