Epea ireki da BizkaIdatz Txikia haur eta gazteentzako literatura-lehiaketaren hamaikagarren edizioan parte hartzeko
Kulturako zuzendari nagusi Begoña de Ibarrak, Borja Alonso eta Verónica Simón idazleekin batera, BizkaIdatz Txikiaren hamaikagarren edizioa aurkeztu du. Adingabeentzako literatura-lehiaketa hau Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen du, eta amaitu gabeko kontakizun baten amaiera idaztean datza.
Borja Alonsok eta Verónica Simónek idatzi dituzte kontakizunen hasierak edizio honetan. Borja Alonsok "Zuhaitzaren desira" izeneko euskarazko istorioa hasiko du, eta Verónica Simónek, berriz, "Los rostros de la selva" kontakizunaren bitartez, gaztelaniazko istorioaren hasiera proposatuko du. «Zuhaitzaren desira» istorioaren testuak María Altunak ilustratu ditu, eta Janire Ordunak sortu ditu "Oihanaren aurpegiak" istorioaren irudiak.
Parte-hartzaileek proposatu zaizkien istoriora, pertsonaietara eta kontaerara egokituta amaitu beharko dute kontakizuna, testuaren hizkuntza kontuan hartuta. Epaimahaiak hala ebatziko balu, bi modalitateetan irabazteko aukera ere izango lukete. Bizkaiko edozein udalerritako ikastetxeetan ikasten ari diren 16 urtera arteko adingabeak aurkeztu ahal izango dira lehiaketara, bai haurren kategorian (Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. —I. taldea— eta 5. eta 6. —II. taldea— mailetako ikasleak), bai gazteen kategorian (Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. —III. taldea— eta 3. eta 4. —IV. taldea— mailetako ikasleak).
Kontakizunak jasotzeko epea 2025eko otsailaren 13an (ostirala) amaituko da.


