ZINEBIk 44 herrialdetako 132 film proiektatuko ditu 66. edizioan
- Azaroaren 8an Arriaga Antzokian hasiko den Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, Ohorezko Mikeldi bana emango die Laura Poitras zinemagile estatubatuarrari eta José Luis Alcaine argazki-zuzendariari
- Sail Ofizialak 60 film hartuko ditu: 9 film luze eta 51 film labur. Horietatik 59k Bilbon izango dute estreinaldia Estatuan. Bederatzi opera prima programatu dira, eta horietako bat — "Itoiz udako sesioak" — Gijongo Zinemaldiarekin partekatutako mundu mailako estreinaldia izango da. Tamara García, Iratxe Fresneda edo Andrés Juradoren azken lanak ikusi ahal izango dira
- Beautiful Docs sailak hartuko du Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi duen eta Albert Serra zuzendariak aurkeztuko duen "Tardes de soledad" filma. Elena López Riera, Dora García, Pello Gutiérrez, Alejandro Alvarado eta Concha Barqueroren azken lanak ere ikusiko dira
- ZINEBIk Montxo Armendarizen "Tasio"-ren bertsio zaharberritua hartuko du eta "Carboneros de Navarra!”. Imanol Uriberen "Mikelen heriotza" filmaren 40. urteurrena ere ospatuko da
Bilboko Udalak antolatutako ZINEBI – Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak bere 66. edizioari hasiera emango dio azaroaren 8an, ostirala, Arriaga Antzokian 19:30etik aurrera egingo den inaugurazio-galarekin. Jaialdia azaroaren 15era arte luzatuko da, orduan amaiera ekitaldia eta sari-banaketa egingo baitira. Hirugarren edizioz, bi galak La Dramática Errantek (Ane Pikaza eta María Goiricelaya) zuzenduak izango dira.
ZINEBI 66ren programazio osoa gaur goizean aurkeztu da Bilboko udaletxean, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak eta Joseba Lopezortega ZINEBIko zuzendariak parte hartu duten prentsaurrekoan.
ZINEBIren 66. edizioak 44 herrialdetako 132 film hartuko ditu: 103 film labur (gehienez 30 minutu), 3 film ertain (30 eta 60 minutu artean) eta 26 film luze (60 minutu baino gehiago irauten dute). 132 filmak 75 emakumezko eta 74 gizonezkok zuzendu dituzte. Aurkeztutako filmen erdiak baino gehiago Estatuan estreinatu dira, eta erdiak baino gehiago emakumeek zuzendu dituzte. Gainera, 59 film euskal ekoizpenekoak dira: 51 film labur, metraje ertaineko film bat eta 7 film luze.
Aurreko edizioetan bezala, proiekzioak bi ataletan banatzen dira: Sail Ofiziala eta beste proiekzio batzuk.
Lehen atalean, SAIL OFIZIALEAN, Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa eta ZIFF – ZINEBI FIRST FILM Nazioarteko Lehiaketa sartzen dira, errealizadore berrien lehen film luzeei eskainia.
Bigarrenean, BESTE PROIEKZIO BATZUK: Beautiful Docs – Munduko Dokumentalen Panorama atala, dokumentalaren nazioarteko panoraman gertatzen dena islatzen duen lehiarik gabeko erakusketa; Bertoko Begiradak – Euskadiko Begiradak saila, Euskadin ekoitzitako film labur eta luzeek osatua eta euskal ikus-entzunezkoen industriako produktore, zinemagile eta profesionalen lana aintzatestera zuzendua; baita beste saio berezi batzuk ere.
SAIL OFIZIALA
Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren sail ofizialak 60 film biltzen ditu aurtengo edizioan: 9 film luze eta 51 film labur. Horietatik 59k Bizkaiko hiriburuan izango dute estreinaldia Estatuan.
Atal honek "ikusleen gogoeta eta emozioa bultzatzeko" filmen multzo heterogeneoa proposatzen du: dela Irango emakumeen egoerari buruzko lanekin — "My Stolen Planet" (Farahnaz Sharifi, 2024) —, dela munduko gainerakoekin — "Locas del ático" (Tamara García Iglesias, 2024), "Nutcracker Girl" (Michalina Musialik, 2023) edo "Ave" (Ana Cristina Barragán, 2023); memoriari buruz — "Desenterrar un rosal" (Bruno Ojeda, 2024), "Errotatiba" (Iratxe Fresneda, 2024) edo "Una sombra oscilante" (Celeste Rojas Mugica, 2024) — edo deskolonizazioari buruz — "Bienvenidos conquistadores interplanetarios y del espacio sideral" (Andrés Jurado, 2024) edo "Sweeter Is the Night" (Fabienne Wagenaar, 2024) —; Palestinako herriaren sufrimenduari buruz — "Undr" (Kamal Aljafari, 2024) —; narkotrafikoaren babesean Mexikon sortzen den indarkeriari buruz — "Aferrado" (Esteban Azuela, 2024) —; klima-aldaketa — Ashen Sun (Camille Monnier, 2024) — edo teknologia berriek gizartea harremanetan jartzeko moduak birplanteatzera behartzen duten modua — "Time Sensitive Characters" (Coralie H. Gourdon, 2024), "Data Flesh" (Felipe Elgueta, 2024) edo "Where Are You, Samuel?" (Samuele Leogrande, 2024) —.
Sail Ofizialaren barruan, Film Laburren Nazioarteko Lehiaketak 101 herrialdetako 51 film aurkezten ditu lehiaketara, eta horietatik 50 Estatuan estreinatzen dira. ZINEBIko Hautaketa Batzordea osatzen duten pertsonek 3.500 obra baino gehiagoren artean aukeratu dituzte – Ruben Corral programazio-arduradunak ez ezik, Alaitz Arenzana, Ramón Ganuza, Víctor Iturregui, Laura Lazcano, Aitziber Olaskoaga eta Marcos Urquijok osatzen dute Batzordea–. Horietatik 50 estatuko estreinaldiak dira, eta 10 mundu mailako estreinaldiak: "2006" (Gabriella Choueifaty, Frantzia-Libano, 2024), "Azkena" (Lorea Lyons, Ane Ines Landeta, Euskadi, 2024), "Bumblebee" (Fon Cortizo, Espainia, 2024), "Desenterrar un rosal" (Bruno Ojeda, Espainia, 2024), "Ehiza" (Aitzol Saratxaga, Euskadi, 2024), "El mapa del agua" (Carlota González Gómez, Espainia, 2024), "Esperar trenes" (Miguel Ángel Ferreiro, Espainia, 2024), "Format Error" (Zirui Chen, Alemania-Txina, 202). “Horizontal” (Alex Reynolds, Euskadi, 2024), “Where Are You, Samuel?” (Samuele Leogrande, Italia, 2024).
Halaber, ZIFF – ZINEBI First Film Nazioarteko Lehiaketak 69 herrialdetatik iritsitako 399 filmen bederatzi opera prima hartuko ditu. Jasotako film moten isla gisa, aurten, film dokumental gehienak izango dira lehiaketa horretan. Bederatzi opera primak (16 herrialdetako konpainiek ekoitzitakoak) ZINEBIn estreinatuko dira, eta horietako bat — "Itoiz udako sesioak" (Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea, Ainhoa Andraka, Euskadi, 2024) — mundu mailako estreinaldia izango da, Xixongo Nazioarteko Zinemaldiarekin (FICX) partekatua.
Gainera, bi jaialdiek "Campolivar" (Alicia Moncholí, 2024), "Errotatiba" (Iratxe Fresneda, 2024) eta "Horizontal" (Álex Reynolds, 2024) estreinaldi estatalak partekatuko dituzte. Bi filmak ikusi eta saritu ahal izango dira bi lehiaketetan, baterako estreinaldi gisa.
OHOREZKO MIKELDI SARIAK
Hogei ediziotik gora, ZINEBIk zinema garaikideko izen garrantzitsu batzuen ibilbide profesional eta artistikoa aitortzen du. Oraingoan, Zinemaldiak Laura Pouitras zinemagileari eta José Luis Alcaine argazki-zuzendariari emango dizkie sari horiek.
ZINEBIk errekonozimendua emango dio Laura Poitras zinemagile estatubatuarrari, azaroaren 8an, inaugurazio-ekitaldian, "justizia sozialarekin eta herritarren eskubide eta askatasunen defentsarekin duen konpromiso irmoagatik, lan zinematografiko zorrotz batean adierazia, askotan irudikorra, zeinean lortu baitu, estilo narratibo intimo batetik, gure agintariei eska dakizkiekeen printzipio demokratikoak eta gardentasunekoak aldarrikatzea".


