"Salir de la noche", "Zoo" eta "Artxipelagoa" garaile Zilarrezko Euskadi Sarietan
- Gipuzkoako Liburu-denden elkarteak Zilarrezko Euskadi literatura saria eman dio Mario Calabresiri Gaztelaniazko narratiba kategorian, Libros del Asteroidek argitaratutako Salir de la noche liburuagatik
- Euskarazko narratiba kategorian, Goiatz Labandibarrek eskuratu du saria, Elkar argitaletxeak argitaratutako Zoo liburuagatik
- Komiki eta Album Ilustratuen kategorian, Xabier eta Martin Etxeberria (gidoia), Alex Sanvi (ilustrazioak) eta Sergio Sedyasa (kolorea) egileek jaso dute saria, Elkar argitaletxeak kaleratutako Artxipelagoa lanagatik
- Gipuzkoako liburu-denden elkarteak irakurketa sustatzeko kanpaina jarri du abian, Zilarrezko Euskadi Literatur Sarien irabazleak asmatzeko "kiniela" batekin. Asmatzaileen artean sarituekin bazkari bat eta liburu-sortak zozketatuko dira
Gipuzkoa Merkatariak elkartearen barne dagoen Gipuzkoako Liburu-denden Elkarteak aurtengo Zilarrezko Euskadi Literatura Sarien irabazleak iragarri ditu. Gaztelaniazko narratibaren kategorian, Mario Calabresi da irabazlea, Libros del Asteroidek argitaratutako Salir de la noche liburuagatik. Euskarazko narratiban, Goiatz Labandibar izan da garaile, Elkar argitaletxeak argitaratutako Zoo liburuarekin. Eta komiki eta album ilustratuen kategorian, Xabier eta Martin Etxeberriak (gidoia), Alex Sanvik (ilustrazioak) eta Sergio Sedyasak (kolorea) jaso dute aitorpena, Elkar argitaletxeak kaleratutako Artxipelagoa lanagatik.
Sari horien helburua da hilero iristen diren argitalpenen artean Gipuzkoako liburu-denden iritziz aintzatespen nahikoa lortu ez duten bitxiak berreskuratzea. "Bigarren aukera" honi esker, ikusgarritasun aldetik bigarren mailan geratutako lanak balioan jarri nahi dituzte, baita horrelako obren alde egiten duten argitaletxeen lana eskertu ere.
Aldi berean, kanpainak irakurketa sustatu nahi du, pertsonentzako jarduera atsegin eta onuragarrienetako bat den aldetik. Izan ere, estresa murrizten laguntzen du, garun-funtzioa handitzen du, ikasteko aukera ematen du, enpatikoago egiten gaitu eta intelektualki aberasten gaitu.
Epaimahaiaren motibazioak
Gaztelaniazko narratibaren kategorian, Gipuzkoako liburu-dendek Mario Calabresi saritu dute bere Salir de la noche liburuagatik, ez bakarrik kalitate literarioagatik, baizik eta, bereziki, 70eko hamarkadako berunezko urteetan indarkeriak eta terrorismoak kolpatutako Italia horren tragedia pertsonal eta familiarrari eta egoera soziopolitikoari heltzeko ausardiagatik. Gainera, liburua "eleberriaren eta autobiografiaren, testigantzaren eta ikerketaren erdibidean dago, eta kazetaritzari eta narrazioari dagokionez soiltasuna, gertutasuna eta argitasuna dauka".
Mario Calabresik bere aitaren hilketa hartzen du abiapuntu, Luigi Calabresi komisarioarena, Giuseppe Pinelli anarkistaren heriotzaren errudun faltsutzat jo zutena. Akusazio horrek haren aurkako kanpaina bortitza eragin zuen, eta 1972an, Milango kale batean, bere bizitzarekin amaitu zuten. Istorio horretatik abiatuta, Calabresik bere herrialdeko mina eta indarkeria orokortua islatzen ditu.
Gipuzkoako liburu-denden ustez, "liburu ausarta eta beharrezkoa da. Ezinbesteko hausnarketa egiten du indarkeria sozialaren inguruan, eta literaturaren eta kulturaren bidez justizia eta bakea bilatzen ditu".
Euskarazko narratibaren kategorian, Zilarrezko Euskadi Saria Goiatz Labandibarrentzat izan da Zoo liburuagatik. Oiartzuarraren idazkera arin eta hurbila nabarmendu du epaimahaiak. Prosa errealista eta eraginkorra da eta gaur egungo gizartearen kosmos propio eta fresko bat ironikoki marrazteko erabiltzen dituen teknika narratiboak konbinatzen ditu.
Zoo kanpinetako soziologia dibertigarria da, fenomeno soziologiko handi baten modura aurkeztua, non paralelismoa egiten den animalien eta gizakien zoologikoaren artean. Opor-fenomenoa erakusten du leku eta pertsonaia anitzen bidez, oso gizatiarrak. Guztiak umorearekin aurkezten ditu eta horrek kontakizuna analisirako eta dibertsiorako bilduma ezin hobe bilakatzen du.
Gipuzkoako liburu-saltzaileen iritziz, "gure istorio eta errealitateei buruz freskotasunez eta ironiaz hitz egiteko formula berriak bilatzen dituen euskal narratiba berriaren barne kokatzen den lan borobila da".
Eta azkenik, Komiki eta Album ilustratuen kategorian, Xabier eta Martin Etxeberriak (gidoia), Alex Sanvik (ilustrazioak) eta Sergio Sedyasak (kolorea) jaso dute saria Artxipelagoa lanagatik. Gipuzkoako Liburu-denden Elkarteak lan hau balioan jarri nahi izan du euskal eta euskarazko komikiaren kalitate-jauziaren erakusgarri gisa. Izan ere, paperezko komikira egindako egokitzapen baten emaitza da. Jatorrian soinudun proiektu bat zen, 2021ean EITBPodkast plataforman estreinatu baitzen, eta nabarmentzekoa da hiru denboralditan euskarazko podcast entzunena bihurtu zela.
Etxeberria anaiek lan handia egin zuten serie distopiko eta postapokaliptiko hau moldatu eta editatzeko. 2103. urtean girotutako istorio honetan Euskal Herria artxipielago bihurtu da eta lehen mendu-tontorrak zirenak geratzen dira soilik ur gainean, poloen urtzeak eta berotze globalak eraginda. Gazteei zuzendutako kalitate handiko abentura klasiko bat eskaintzen digu.
Epaimahairentzat, gidoi eta istorio on batetik abiatuz, "Sanvik eta Sedyasek egokitzapen grafiko bikaina egin dute, europar edo amerikar komiki handien mailakoa, eta gure artisten egungo mailaren adierazgarri dira".
Kanpaina
Euskadi Zilarrezko Literatur Sariak direla-eta, Gipuzkoako liburu-dendek irakurketa sustatzeko kanpaina gauzatu dute azken bi asteotan, irabazleak asmatzeko ‘kiniela’ batekin. Emaitza zuzenak lortu dituztenen artean, irabazleekin bazkari batez gozatzeko zozketa egingo da eta lau liburu-sorta ere banatuko dira, kategoria bakoitzeko obra irabazleak barne hartuko dituztenak.. Sari-banaketa ekitaldia Donostiako Fermin Calbeton kaleko Elkar liburudendan egingo da, urriaren 30ean.


