World Press Photo Gasteizera bueltatu da hogeita hamar argazkilari inguruk ateratako 140 irudirekin
- Gaurtik, urriaren 17tik, azaroaren 17ra arte egongo da ikusgai Ur Depositu Zaharrean
- Urteko argazki onena izendatutakoa ere ikusgai egongo da eta aurtengoa, 2024koa, Reuters agentziako argazkiari gazatar batek, Mohammed Salem-ek, eskuratu du
- Erakusketa osatzeko, "Gogoetarako irudia" izenekoa, aurten Ali Hassan Jadallah-ek eskuratu duena, eta Darcy Padillaren "Sueño californiano" erakusketa ere ikusi ahal izango dira
- Testuinguru horren baitan, azaroaren 6an, Mugarik Gabeko Medikuak elkartearen eskutik, "Enfocah: fotokazetaritza gatazkan dagoen munduan" eztabaida egingo da
Argazkian, Inas Abu Maamar ateratzen da bost urte zituen eta hila jantziarekin azaltzen den Saly ilobaren gorpua besarkatuz. Iloba, familiako beste lau kiderekin batera, Israelek bere etxebizitzaren kontra bota zuen misilaren ondorioz hil zen 2023ko urriaren 17an, Gazako Jan Yunis udalerrian. Israelgo armadak zibilek zerrendaren hegoaldera joan behar zutela iragarri zuen gune hura seguruena zelakoan, baina abiazioak gogor bonbardatu zituen Yan Yunis eta hegoaldeko beste herri batzuk. Reuters agentziako argazkilari gazatar batek, Mohammed Salemek, ateratako argazki tragiko eta hunkigarri hori izendatu dute World Press Photo 2024ren urteko argazki. Irudi hori aparteko erakusketa honetan ikusi ahal izango dugu. Izan ere, berriro ere Vitoria-Gasteizen izango da munduko fotokazetaritzako erakusketa entzutetsuena, World Press Photo, Montehermoso Kulturuneko Ur Depositu Zaharrean.
Neurri handiko 60 paneletan, 24 herrialdetako hogeita hamar argazkilari inguruk ateratako 140 argazki egongo dira ikusgai Arabako hiriburuan azaroaren 17ra arte. Argazkiak nazioarteko epaimahai independente batek aukeratu ditu 130 herrialdetako 3.800 kazetari grafikok ateratako 61.000 irudi baino gehiagoren artean.
WPPren edizio berri honek jasotzen dituen ikusizko istorioetako batzuk dira hauek: Tunisiako gazteen etorkizun gabezia, Ukrainako gerraren ondorio ekologikoak, Estatu Bautetako lehen errefuxiatu klimatikoak, Txinako itsasoan izandako liskarrak edo migrazioen alderdi ugariak.
Erakusketa horrekin batera, Montehermoso Kulturuneak "Sueño californiano" erakusketa eskainiko du Estatuan modu esklusiboan. Erakusketa Ipar Amerikako argazkilari sarituak eta Wisconsineko Unibertsitateko irakasleak, Darcy Padillak, egindakoa da. Ipar Amerikako estatu aberatseneko kaleetan babesik gabe bizi diren etxerik gabeko milaka pertsonei buruz urte luzez egindako erreportaje zabala jasotzen du erakusketak.


