Gasteizko Film Office zerbitzuak 14 urte bete ditu
- Udal-zerbitzu honek kudeatutako lanen filmaketa kopurua laukoiztu egin da 2024an, lurraldeko zerga-pizgarriei esker
Maider Etxebarria Vitoria-Gasteizko alkateak udaletxean gaur goizean egindako prentsaurrekoan iragarri duenez, Gasteizko Film Office zerbitzuak 14 urte beteko ditu urriaren 14an, astelehenean.
"Ikus-entzunezkoen sektorea goraldi betean dago. Etengabe hazi da azken urteotan, telebista-plataforma eta komunikabide digital berriak garatu izanari esker. Horri, gainera, gure lurraldean aplikatzen diren onura fiskalak gehitu behar zaizkio eta, horiei esker, filmaketak hartzeko erakargarritasun handia duen hiri bihurtu du Gasteiz", azpimarratu du Etxebarriak.
Alkateak efemeridea aprobetxatu nahi izan du Udalak 2010eko urriaren 14an abian jarritako doako zerbitzu publiko horren balantzea egiteko. Arabako hiriburua filmaketen agertoki gisa aukeratzen duten ikus-entzunezko ekoizpenak sustatzeko eta laguntzeko jarri zen martxan zerbitzua eta aurten benetako "boom"-a bizi izan du.
"2023an, gure hirian 5 film luze egin zituzten. Bada, aurten, kopuru hori nabarmen igo da eta 19 film izan dira. 13 ekoizpen-lan filmatu dira jada, edo filmatzeko fasean daude. Horietako bat da, esate baterako, Juanma Bajo Ulloa zuzendari gasteiztarraren El Mal lana. Bestalde, urtea amaitzeko geratzen den hilabete hauetan, beste 6 lan jarriko dira martxan", alkateak iragarri duenez.
"Aurten hirian filmatuko diren film luzeen artean, David Pérez Sañudo Gasteizen bizi den zuzendariaren El Sacamantecas eta Nacho La Casa ekoizle eta zuzendari andaluziarraren ‘Un Hijo’ daude. Azken hori dagoeneko 18 hizkuntzatara itzuli duten haurrentzako eta gazteentzako literaturako 'best seller' batean oinarritutako ekoizpena da", gaineratu du.
Gainera, 2024an 6 film labur, 7 telebista-saio, 3 sustapen-bideo eta telesail bat ere filmatu dituzte hirian. Guztira, 2024an, 36 ekoizpenek aukeratu dute Gasteiz agertoki gisa eta horixe izan da Film Officek ateak ireki zituenetik zifrarik altuena. Urtea amaitutakoan, behin betiko datuak izango ditugu.


