"Tardes de soledad" filmak irabazi du Donostia Zinemaldiaren 72. edizioko Urrezko Maskorra


Albert Serrak zuzenduriko Tardes de soledad (Espainia, Frantzia eta Portugal) lortu du Donostia Zinemaldiaren 72. edizioko Urrezko Maskorra. Epaimahai Ofizialak ex aequo eman die Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra bi hasiberriri: Laura Carreira eta Pedro Martín Calero, On Falling (Erresuma Batua eta Portugal) eta  El llanto / The Wailing (Espainia, Argentina eta Frantzia) lanengatik, hurrenez hurren.

Interpretazio Nagusi Onenaren Zilarrezko Maskorra Patricia López Arnaizek eskuratu du, Los destellos / Glimmers (Espainia) filmean eginiko lanagatik (Pilar Palomeroren hirugarren lana). Taldeko Interpretazio Onenaren saria, berriz, Pierre Lottinek irabazi du, François Ozon zinemagilearen Quand vient l'automne / When Fall Is Coming (Frantzia) filmeko antzezle-taldeko kide gisa. Zuzendari horrek eta Philippe Piazzok Gidoi Onenaren Epaimahaiaren Saria eskuratu dute —Ozonek sari hori bera irabazi zuen Urrezko Maskorrarekin batera Dans la maison (2012) filmarekin—, eta argazki onenarena, berriz, Piao Songrik irabazi du, Bound in Heaven (Txina) lanagatik (Huo Xin egilearen lehenbiziko obra).

Horretaz gainera, Epaimahaiaren Sari Berezia Gia Coppolak zuzendutako The Last Showgirl (AEB) filmak irabazi du, antzezle-taldearen lana aintzatesteko; horien artean daude Pamela Anderson, Kiernan Shipka, Brenda Song, Billie Lourd, Dave Bautista eta Jamie Lee Curtis. "Egiaz eta ñabarduraz beteriko interpretazio-kalitate handiagatik, sotiltasun eta kontentzio handiz gerturatzen baikaitu galzorian den ofizio bati, amaitzen ari den mundu bati aurre egiten dioten pertsona-talde baten sentimenduetara", dio aktak.

Sariok banatu dituen Epaimahai Ofizialaren buru Jaione Camborda zinemagilea izan da, zeinak Urrezko Maskorra eskuratu baitzuen iaz O corno / The Rye Horn lanarekin. Zinemagile donostiarrak, epaiak ematerakoan, alboan izan ditu Leila Guerriero idazle eta kazetari argentinarra, Fran Kranz aktore eta zuzendari estatubatuarra, Christos Nikou errealizadore, gidoilari eta ekoizle greziarra, Ulrich Seidl zinemagile austriarra eta Carole Scotta ekoizle frantziarra.

Sariak Kursaal auditoriumean eginiko gala batean jakinarazi dituzte, eta, ondoren, We Live in Time filma estreinatu dute Europan, aurtengo edizioa ixteko filma, hain justu ere. Saioan izan dira John Crowley zuzendaria eta Andrew Garfield aktorea —filmeko protagonistakidea, Florence Pugh antzezlearekin batera—.

Jarraitu irakurtzen


  • DataIrailak 28
  • Gaia Ikus-entzunezkoa