Victor Iriarte: «Arriskuak hartzen dituen zinema atsegin dut, bere erremintak erabiltzen dakiena»
- Zinemagile, programatzaile eta Donostiako Zinemaldiko hautespen batzordeko kideak Egile Berriak saria jasoko du gaur, ateartearekin, Donostian, EITBk euskal zinemagintzako eragile berrien jarduna goresteko banatzen duen saria
Zinemak bizi du Victor Iriarte (Bilbo, 1976). Zuzendari gisa ez ezik (Wrócic/Volver, Decir adiós, El mar, Invisble film luzea...), zuzendaritza laguntzaile (Cravan vs Cravan, Isaki Lacuestaren lehen film luzea) eta argazki zuzendari gisa (Buenas noches, España Raya Martinen filma) ere egin du lan, sormenezko zinema dokumentalari buruzko masterra egin du Pompeu Fabra Unibertsitatean (Bartzelona), Tabakalera Kultura Garaikideko Donostiako Nazioarteko Zentroaren zinema programazioaren zuzendaria izan da, Elias Querejeta Zinema Eskolaren zuzendaritza akademikoko kidea da, Kataluniako Zinema Akademiako kidea da 2024tik eta Donostiako Zinemaldiko hautespen batzordean parte hartzen du 2016tik.
Bere-berea duen jaialdi honetan bertan, Egile Berriak saria jasoko du Iriartek irailaren 24an Euskal Zinemaren Gala Handian (19:30ean izango da, eta 22:50ean eskainiko dute ETB2k eta eitb.eus-ek). Euskal Herrian jaiotako edo errotutako zuzendariek jasotzen dituzte golardo hori, betiere hiru film baino gutxiago zuzendu badituzte.
Estibaliz Urresola (20.000 especies de abejas) sariaren lehen irabazlearen lekukoa hartuko du Iriartek, horrela, 2023ko irailean Veneziako nazioarteko zinema jaialdiko Giornate degli Autori sailean Sobre todo de noche bere bigarren film luzea aurkeztu eta urtebetera. Nazioarteko 60 jaialditara hedatu zen ordu ezkero EITBren parte-hartzea duen filma.
Pelikula noiz argitsu noiz iluna da Sobre todo de noche, drama epistolar bilakatzen den thrillerra, hiru pertsonaiari begira eta horiei hitza emanda frankismoko ume lapurtuen afera mingarria ere agerrarazten duena. 18 urte betetzear den semeak (Manuel Egozkue) eta haren ama biologikoak (Lola Dueñas) eta ama adoptatzaileak (Ana Torrent) osatzen duten hirukia.
Iriarterekin hitz egin du EITB.eus-ek.
Zer piztu dizu Egile Berriak saria jasoko duzula jakiteak?
Alaigarria da, eta bultzada oso handia nire proiektu berrietarako. Filmaren nazioarteko ibilbidea amaitzen ari da aste hauetan, Frantziako eta Portugalgo zinema aretoetan estreinatuta, eta hurrengo aro batera pasatzen ari naiz apurka-apurka.
Horregatik, EITBk sariaren berri emateko deitzea ustekabe handia izan zen, bueltako bidean harrapatu baikaitu horrelako pelikula bat altxatzeko lan handia egin eta esperientzia bizi ondoren.
Eta eskertzen dut saria telebista publiko batek ematea, etxeko telebistak, eta egile berri batentzako saria izatea ere bai, nire ustez arlo publikoak dibertsitatea babestu behar baitu eta bertako eta Estatuko industria aintzat hartu ez ezik bide berriak urratzen dituen eta nazioarte mailan arrastoa uzten duen zinema mota bat.


