Gasteizko Udal Liburutegi Sareak irakurtzera animatzeko 70 jarduera baino gehiago proposatzen ditu urritik abendura

  • Gasteizko Udal Liburutegi Sareak irakurtzera animatzeko 70 jarduera baino gehiago proposatzen ditu urritik abendura

  • Zaletasun eta publiko guztientzako programazioa da: liburu-klubak, hitzaldiak, tailerrak, bakarrizketak, antzerkia, ipuin-kontaketak...

Udal Liburutegi Sareak irakurzaletasuna bultzatzeko jardueren programa berria aurkeztu du publiko guztiei zuzenduta. Urritik abendura bitarte, 23 gizarte-etxeetako liburutegietan 70 ekimen baino gehiago eskainiko dira.

"Liburutegien Udal Sareak antolatzen duen jarduera-programak arrakasta handia izan du. Izan ere, urtero eskaintza berritzaile eta askotarikoa ateratzen da, herritarrak irakurketara hurbiltzea helburu duena, eta esan dezakegu helburu hori lortu dela urtetik urtera parte-hartzaileen kopurua handitzen delako. Adibidez, 2023an, denboraldi guztiak batuta 138 jarduera antolatu ziren, eta 3.160 pertsona bertaratu ziren guztira, eta 2022an, aldiz, 3.033 izan ziren. Azken finean, ekimen arrakastatsua da, bai kalitatearengatik, bai gasteiztarrengan sortzen duen erantzunagatik", adierazi du Sonia Díaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.

Denboraldi honetako eskaintzaren artean, 'Irakurketa familian' eta 'Idazteaz beste' jarduerak nabarmentzen dira. Lehenengoa, Xabier Olasok dinamizatu eta 8-9 urteko haurrei zuzendutako euskarazko irakurketa klub arrakastatsua da. Bertan, liburu, ipuin, abesti, poesia eta familiako jokoen bidez irakurzaletasuna sustatzen da. Hirugarren urte honetan Zabalganara itzuliko da.

'Idazteaz beste' jarduerak, berriz, euskal literaturarentzako espazio propioa izan nahi du, euskarazko elkarrizketa informalen formatuan, literaturatik harago joateko eta publiko berrietara iristeko. Iazko arrakastaren ondoren, euskal kulturaren inguruko izen handiekin itzuli da denboraldi honetara. Urriaren 16an, 19:00etan, Lakuan, Ruper Ordorikaren txanda izango da. Bere musika ibilbidea abiapuntu hartuta, bere letrei buruz hitz egingo du eta literaturarekin izan dituen harreman ugariak aztertuko ditu.

Azaroaren 6an, ordu berean, Aldaben, Garazi Arrula Ruizekin (Gu orduko hauek eta Lurraz beste ipuin-liburuen egilea eta Txalapartaren editorea) eta Iñigo Astizekin (Monogamoak ipuin-liburuaren egilea eta Berrian kazetaria) hitz egingo dugu. Saio honen helburua da euskal ipuingintzan murgiltzea eta gonbidatuen sorkuntza-prozesuez, idazketaz eta, bereziki, ipuinez hitz egitea.

Hori guztia, Mikel Ayerbe Literatura Konparatuan eta Literatur Ikasketetan doktore, EHUko irakasle eta literatur kritikariaren eskutik, jarduera honetako gidari gisa errepikatuko baitu.

Liburutegien Udal Sareak aurreikusi duen eskaintza zabalaren barruko bi jarduera dira horiek. Hona hemen beste adibide batzuk: haurrei zuzendutakoen kasuan, ipuin-kontalariak, kontzertuak, tailerrak eta antzerkia, besteak beste. Gazteei eta helduei zuzendutakoen kasuan, honako hauek programatu dira: gizarte-intereseko gaiei buruzko hitzaldiak, tailerrak, mikroantzerkia, bakarrizketak, poesia-errezitaldiak, kontzertuak, liburuen aurkezpenak...

Informazio guztia Udalaren webgunean eta denboraldiko liburuxketan dago eskuragarri. Bi liburuxka daude: haurrei eta familiei zuzendutakoa, eta gazteei eta helduei bideratutakoa.

Jarraitu irakurtzen


  • DataIrailak 24
  • Gaia Artxibategiak eta Liburutegiak, Ondarea