Arantxa Aguirre: «Ez nuen artelanen safaririk nahi, Chillida Lekun filmatu nahi nuen, Chillidaren bihotzean»
- Madrildar zinemagileak Ciento volando aurkeztuko du Zinemaldian, Eduardo Chillida donostiar artistaren obran eta nortasunean zehar egindako ibilbide artistiko eta humanoa, eskultorearen jaiotzaren urteurrenean
"Más vale ciento volando que pájaro en mano" (Hobe ehun haizean bat eskuan baino): Eduardo Chillidak Pilar Belzunce emazteari eskutitz batean idatziriko hitzak dira, bukatu berri zuen lan baten emaitzak asetzen ez zuela eta berorretan lanean berriz hastekotan zela.
Esaldi horrek ondo baino hobeto biltzen du, Arantxa Aguirre (Madril, 1965) zinemagilearen iritziz, Eduardo Chillida (Donostia, 1924-2002) eskultorearen esentzia, autoexijentzia, gose artistikoa eta akatserako, ezustekoetarako eta kontrolaezina denerako jaidura. Horregatik jarri dio Ciento volando izenburua Zinemaldiko Zinemira sailean egunotan proiektatzen ari den eta EITBren parte-hartzea duen dokumentalari; besteak beste, Nuria Espert. Una mujer de teatro (2012), Dancing Beethoven (2016) eta Zurbarán y sus doce hijos (2020) dokumentalak ere zuzendu ditu Aguirrek. Urtarrilaren 10ean iritsiko da zinema aretoetara pelikula.
Jone Laspiurrek gidatuta, filmak eskultorearen bizitza eta obrari buruzko lekukotasunak biltzen ditu Chillida Lekutik, "Chillidaren bihotzetik", bokazio estetiko argiz, hainbat eta hainbat gonbidaturen ahotik: Joaquín Montero, Mikel Chillida, Ixiar Iturzaeta, Nausica Sánchez, Jexuxmari Ormaetxea, Nausica Sánchez, Kosme de Barañano, Fernando Mikelarena, Koldobika Jauregi, Mireia Massagué, Iñigo Irureta, Elena Cajaraville eta Andrés Nagel.
Aguirre aita donostiarreko alabarekin hitz egin dugu, sustraietara bueltan eraman duen pelikulari buruz.
Nola iritsi zinen Ciento volandoren proiektura?
Iritsi egin zitzaidan proiektua da, egiten ditudan gauza gehienekin gertatzen zaidan bezala. Ez naiz ekoizlea, zuzendaria naiz, eta ez daukat proiektu baten finantziazioaz arduratzeko astirik. Lanak iritsi egin ohi zaizkit, eta proiektuok neure egiteko eta neurera ekartzeko erronka onartzen dut.
Horixe egin dut Chillidari buruzko proiektu honekin, eta donostiar jatorria izateak –Aguirreren aita zena donostiarra zen– ere eragin handia izan du oraingo honetan, jatorrira itzultzea izan baita niretzat.
Nire sustrai horiek ohoratu nahi izan ditut.


