Arte garaikidea publikoari hurbiltzeko konferentzia-zikloa egingo da Montehermoson Zas Kulturren eskutik
- Programa sei saiotan garatuko da, urritik abendura bitartean
- Hiriko panorama artistikoa aberasteko ekarpena egin duten tokiko artistak izango dira hizlariak
Arte garaikidea publikoari hurbiltzeko elkarrizketa-zikloa aurkeztu du Montehermoso Kulturuneak Zas Kulturren eskutik: "Interakzioak/Entrevistas". Ziklo berri honekin, Montehermosoren helburua da gonbidatutako sortzaileen sormen-prozesuak eta lan-metodologiak publikoari gerturatzea, giro hurbil eta irisgarrian.
Sonia Díaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntzaren zinegotziak adierazi duen moduan, batzuetan artea "esklusiboa edo gutxi batzuentzat" dela iruditzen zaigu. "Alabaina, artea adierazteko modu irekia, askotarikoa eta librea da. Adierazteko modu unibertsala da eta publiko guztientzat eskuragarria egon beharko luke". Horregatik, gehitu du erakundeen betebeharra dela "artea irisgarri egitea, oztoporik gabe, askotan horrek eragozten baitu pertsonek artearekin konektatzea. Tokiko artistentzat plataformak eskaini behar ditugu, eta espazioak sortu behar ditugu publikoak artearekin zuzenean eta modu ulergarrian interakzioa izan dezan. Elkarrizketa hauek nahi dugunaren adibide argia dira. Artea modu erraz eta dibertigarri batean hurbiltzeko adibidea".
Zikloaren saio bakoitza Zas Kulturreko taldekide baten eta egun horretako artista gonbidatuaren arteko elkarrizketa bat izango da eta parte-hartzaileek parte-hartze aktiboa izango dute. Espazio irekia izatea sustatuko da, galderak egin ahal izateko eta arte garaikidearekin lotutako gaiei buruz eztabaidatzeko.
Ziklo horren barruan beraien garrantziarengatik eta tokiko panorama artistikoari egindako ekarpenarengatik aukeratutako artistak daude eta beraien lanei, metodologiei, interesei eta proiektu espezifikoei buruzko ikuspegi aberats eta askotarikoa eskainiko dute. Hautaketa egiteko garaian, helburua izan da banakako ibilbide pluralak eta lantzen dituzten askotariko bitarteko artistikoak islatzea, baita ikuspegi eta begira desberdinak ere.
Programak 6 saio izango ditu urria eta abendua bitartean eta 19:00etan hasiko dira Kulturguneko Ortuño aretoan. Sarrera librea izango da tokia bete arte.


