Bilbo zirkuko arteen hiriburu bilakatuko da egunotan

  • Bilbo zirkuko arteen hiriburu bilakatuko da egunotan

  • Bizkaiko hiriburuan, irailaren 18tik (asteazkena) 21era (ostirala), Autonomia Erkidego guztietako Profesionalen Elkarteen urteko Topaketa, Zirkua SAREAn, eta Europako mugaz gaindiko EKO-PIRINEOS DEL CIRCO programako prestakuntza-laborategiak egingo dira
  • Irailaren 18tik 21era ospatuko da, baita ere, Zirkualderen XV. edizioa, Euskadiko zirku-arteetan espezializatutako jaialdi bakarra, Udalak antolatuta
  • Jaialdiaren esparruan, Dantza Bertikalaren II. Topaketa ere antolatuko da, gaurtik, irailaren 16tik, hasi eta 19ra, ostegunera, bitarte, dantza bertikaleko eta arnes laneko erdi-profesional eta profesionalentzat

Bilbo zirkuko arteen hiriburu bilakatuko da aste honetan. Irailaren 18tik 21era, Zirkualde, Zirkuko Arteen Jaialdi tradizionala antolatu du Udalak. Aurten, autonomia-erkidego guztietako Profesionalen Elkarteen urteko Topaketa, Zirkoa SAREAn, EKO-Pirineos de Circo programako prestakuntza-laborategiak eta Dantza Bertikalaren II. Topaketa ere egun horietan izango dira.

Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza zinegotziak gaur goizean aurkeztu ditu prentsaurrekoan hirirako garrantzitsuak diren lau mugarri horiek, eta harekin batera izan dira Gloria Peon, zirkuko artista eta aireko akrobata eta La Glo Zirko eta Dantza konpainiako zuzendaria, –Dantza Bertikalaren II. Topaketaren baterako antolatzailea–; eta Rosa Colell, CircoREDeko koordinatzailea. EKO- Pirineos de Circo proiektuaren ordezkari gisa, Pedro Ormazabalek, Udaleko Kultura Arloko programatzaileak, hartu du hitza. Olabarriak eskerrak eman ditu Bilbo topaketa profesional horiek egiteko aukeratzeagatik, eta gogora ekarri du zirku-arteetan espezializatutako Euskadiko Jaialdi bakarraren (Zirkualde) 15 urteko ibilbidea.

"Bilbok tokiko artisten sormen-lanak sustatu eta babesten ditu; gainera, talentu hori beste herrialde batzuetan ezagut dezaten saiatzen da. Aldi berean, forma eta pentsamendu artistiko ezberdinak ezagutzeko nazioarteko ikuskizun eta konpainiak hartzen dituen Hiria izaten jarraitzen du. Izan ere, uste dugu kulturak pertsonak batzen eta mugak desitxuratzen dituela, eta horri esker ikasten dugula", nabarmendu du zinegotziak. Era berean, azpimarratu du "Udalak programatzaileen talde bikaina duela, programazio egonkorra, anitza eta kalitatezkoa diseinatzen ahalegintzen dena, bilbotarrek eta bisitatzen gaituzten pertsona guztiek goza dezaten".

Modu horretan, Olabarriak Zirkualde Zirkuko Arteen Jaialdiaren programa aipatu nahi izan du, aurten XV. edizioa izango duena. Ohikoa den moduan, agertoki nagusia Errekaldeko auzoan, Ametzola plazan –Errekalde plazako obrak direla-eta– eta El Fango kiroldegian egongo da, eta Campos Eliseos Antzokira ere hedatuko da.

Ametzola plazan izango dira emanaldi gehienak: La Fem fatal (Aske) eta Nicanor de Elia (Copyleft) konpainiak, irailaren 19an, osteguna; Un Loup Pour L’homme (Passing swiftly), Collectif Primavez (Laisse-Moi) eta Los Putos Makinas (Tutti Frutti), hilaren 20an, ostirala; Un Loup Pour L’Homme (Passing Swiftly), Vaivén Circo (Anonimoa) eta La Banda Teatro-Circo  (Yûgen), hilaren 21ean, larunbata. Bestalde, Campos Elíseos Antzokian, Cía Impulso taldearen Lenguajes emango da, 19an, ostegunean.

Guztira, zortzi konpainiak jendaurrean erakutsiko dituzte zirkoa, antzerkia, musika, dantza, malabarak eta esperientzia murgiltzaileak nahasten dituzten azken sorkuntzak, besteak beste.

Horrez gain, irailaren 18an, asteazkena, El Fango kiroldegian izango da Dantza Bertikaleko Piezen Erakusketa; hau da, herritarrei irekitako jarduera, Dantza Bertikalaren II. Topaketaren barruan. Udalak antolatu du La Glo Zirko eta Dantza konpainiarekin  lankidetzan, eta programazioan diziplinako profesionalek eskainitako tailerrak eta ikastaro teorikoak nahiz hitzaldiak eta mahai-inguruak biltzen dira.

Zirkuko artista eta aireko akrobata eta La Glo Zirko eta Dantza konpainiako zuzendaria den Gloria Peonek gaur goizeko aurkezpenean nabarmendu duenez, diziplinako profesional garrantzitsuak hurbilduko dira hitzaldi, tailer eta laborategietara, eta berak ere emango ditu. Tartean aurkitzen dira Lindsey Butcher, Pere Villarubla, Isaac Flix Archs, Alejandra Deza, Juan Leiba, Iris González, Maitane Sarralde eta Zinbulu Kolektiboa.

Jardunaldi horiek Errekalden egingo dira oso-osorik irailaren 16ti k19ra bitartean; zehazki, El Fango Udal Kiroldegian eta Barrutiko Udal Zentroan, eta dantza bertikalaren eta arnes lanaren erdi-profesional eta profesionalek zuzenduko dituzte.

ZIRKUA SAREAN

Zirkualdez eta Dantza Bertikalaren II. Topaketaz gain, Bilbon egingo da, halaber, zirkuko arteekin lotutako beste mugarri garrantzitsu bat: Autonomia Erkidego guztietako Profesionalen Elkarteen urteko Topaketa, Zirkua SAREAn; honako hau VII. edizioa izango da.

Jarraitu irakurtzen


  • DataIrailak 16
  • Gaia Arte eszenikoak