Antioko Musika Zikloa programazio anitzarekin eta tokiko talentuarekin itzuliko da

  • Antioko Musika Zikloa programazio anitzarekin eta tokiko talentuarekin itzuliko da

  • Zikloa irailaren 7, 14, 21 eta 28an izango da, Suhar Korua, Musbika Ensemble, Iñaki Salvador Quartet eta Daniel Bertomeuren emanaldiekin

Gaur goizean aurkeztu da urtero, irailean, Antioko baselizan egiten den Antioko Musika Zikloaren 41. edizioa.  Prentsaurrekoan María José Telleria Kulturako foru zuzendaria eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak parte hartu dute.

María José Telleria Kulturako foru zuzendariak adierazi duenez, ziklo hau "kulturarekin eta ondarearekin dugun konpromisoaren isla da. Musikak, bereziki Antio bezalako ingurune enblematiko batean, belaunaldiak konektatzeko eta gure nortasun kulturala gordetzeko ahalmena du.  Harro gaude tokiko talentua sustatzen duen eta kalitate handiko proposamen artistikoen bidez gure lurraldea aberasten duen ekitaldi bat babesteaz. Kultura Departamentuaren helburua da kultura eskaintza lurralde osora dibertsifikatzea, maila horretako jarduerak Gipuzkoako txoko guztietara iristen direla ziurtatuz".

41. edizio honetan, Musika Hamabostaldiaren eta Antioko Konpainiaren laguntza ere izango du.  Ziklo hau 1984an jarri zen abian eta Gipuzkoako lehenetarikoa izan zen, Debakoarekin batera. "Asmoa musika kultua deiturikoa deszentralizatzea izan zen, eta horretarako Antio leku aproposa izan zitekeela pentsatu zen, bai akustikagatik eta historiagatik, bai bere ezaugarri den interes turistiko eta kulturalagatik" azaldu du Mikel Serrano Zumarragako alkateak.  Parte hartu izan duten musikarien artean Ara Malikian, Kukai dantza taldea, Kalakan, Jacob de Han zuzendaria eta abar egon dira. Aurten programazio anitza egin nahi izan da, etorkizuneko artistei ere aukera berriak eskainiz.

Ikusi egitarau osoa hemen.


  • DataIrailak 5
  • Gaia Musika