"Marco" filma, EITBren parte-hartzea duena, Veneziako Nazioarteko Zinema Jaialdian estreinatuko da abuztuaren 30ean


Euskal zinemak arrakasta eta nazioarteko proiekzioa batzen jarraitzen du, oraingo honetan Marco Aitor Arregi eta Jon Garañoren film berriaren eskutik. EITBren parte-hartzea duen pelikula ostiral honetan, abuztuak 30, estreinatuko da Veneziako Zinema Jaialdiaren 81. edizioan. Lanaren mundu mailako estreinaldia Orizzonti sailean izango da, 18 film luzerekin lehian. Lehen aldiz EITBren parte-hartzea duen pelikula bat lehiatuko da nazioarteko zinemaldi jaialdi entzutetsuaren sail horretan.

Javier Cercas idazlearen El impostor liburuaren egokitzapena da Marco, eta benetako gertakarietan oinarrituta dago. Eduard Fernandez aktore katalanak CNT sindikatuko buru Enric Marco Batllerena egin du, mundu osoari nazien kontzentrazio-esparru batean preso egon zela sinetsarazi zion gizonarena, alegia. Nathalie Poza, Chani Martín, Sonia Almarcha, Fermi Reixach, Julia Molins, Vicente Vergara eta Jordi Rico aktoreek osatzen dute aktore taldea eta, besteak beste, Moriarti eta Irusoin euskal ekoiztetxeen eskutik dator filma.

Filmeko lantaldeaz gain, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Vanesa Fernandez EITBko Kultura eta Euskara zuzendaria izango dira Veneziako hitzorduan. Hala, EITBk Euskadin egiten diren ikus-entzunezko lanak eta edukiak nazioartean ere sustatzeko eta ikusarazteko konpromisoa berretsi nahi izan du beste behin.

Jarraitu irakurtzen

eitb.eus

  • DataAbuztuak 29
  • Gaia Ikus-entzunezkoa