Donostia Zinemaldia 2024: Hogeita bat film luzez osatuta egongo da Made in Spain saila
Guztira, hogeita bat film luzez osatuta egongo da Made in Spain saila, Donostia Zinemaldiko sail ez-lehiakorra, urteko film espainiarren lagin bat biltzen duena. Zinemaldiaren 72. edizioan (Irailaren 20tik 28ra), programari hasiera eta amaiera emango dioten filmak mundu-estreinaldiak izango dira; gainerako filmak, berriz, lehenago beste jaialdi batzuetatik igaro ziren edo jada estreinatu dira Espainian. Made in Spain sailak Hispanitasen eta SGAE Fundazioaren laguntza du.
Joan López Lloreten (Bartzelona, 1969) Tiempo de silencio y destrucción pelikulak hasiera emango dio Made in Spain sailari, mundu-estreinaldi gisa. Filmak Luis Martín-Santos idazle eta psikiatraren −duela mende bat jaio eta orain dela 60 urte zirkulazio-istripu batean hil zenaren− figura berritzeko bidaia bat proposatzen digu. López Lloret lan dokumental ugariren egilea da, besteak beste, hauena: Hermanos Oligor (2004), Málagako jaialdian Publikoaren Zilarrezko Biznaga Saria jaso zuena; Sunday at Five (2007); eta La cigüeña metálica / The Metal Stork (2012).
Bestalde, Alba Sotorrak (Reus, 1980) Mucha mierda / Break a Leg lanaren mundu-estreinaldiarekin emango dio amaiera sailari. 1975eko aktoreen grebari buruzko dokumentala da, Marisa Paredes, Rocio Dúrcal, Ana Belén, Tina Sainz, Juan Diego, José Sacristán eta beste hainbat aktorek lehen eskutik kontatua. Sotorrak Game Over (2015) eta El retorno. La vida después del ISIS / The Return (2021) zuzendu ditu (besteak beste), biak dokumental onenaren Gaudí Sariaren irabazleak.


