Donostia Zinemaldia 2024: Hamahiru film labur hautatu dituzte Nest sailerako
Hamahiru film labur hautatu dituzte Nest sailerako 48 herrialdetako 200 eskoletako 428 proposamenen artean, eta horrek esan nahi du marka hautsi dela Donostia Zinemaldiko zinema-ikasleen nazioarteko topaketaren historian. Hautatutako eskolak Alemania, Txile, Kuba, Danimarka, Espainia, EAB, Frantzia, Japonia, Portugal, Erresuma Batua eta Taiwangoak dira.
Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatua, Nest sailak mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutarazten ditu, hau da, egungo eta etorkizuneko zinemagileen obrak. Film laburrak erakutsi eta preskribatzeko gunea ez ezik, ikasleen, zinemagileen, industriako profesionalen eta ikus-entzuleen topalekua ere bada Nest: Zinemaldiak zinemari buruzko elkarrizketa errazteko eta prestakuntzaren eta mundu profesionalaren arteko gurutzaketa errazteko gaitzen duen gunea.
Alemania, Txile, Kuba, Danimarka, Espainia, EAB, Frantzia, Japonia, Portugal, Erresuma Batua eta Taiwango hamalau zinema-ikasle bildu egingo dira irailaren 23tik (astelehena) 27ra (ostirala) euren lanak aurkezteko bost jardunalditan, zinemagileekiko elkarrizketetara joateaz eta industriako profesionalekin topaketak egiteaz gain. Hautatutako lanetan, dibertsitate geografikoa, tematikoa eta estilistikoa, fikzioak eta ez-fikzioak elkarrekin bizi dira, baita ikuspegi pertsonalak ere honako gai hauen inguruan: nerabezaro problematikoak, agertoki distopikoak, gatazka familiarrak, naturguneen garrantzia edo doluaren eta gaixotasunaren mamuak. Zinema-arloko pertsona ezagun batek eta hautatutako eskoletako ikaslez osatutako epaimahai batek 10.000 euroko saria emango dio film labur irabazleari.


