Milango Filarmonica della Scala orkestrak lehen aldiz Hamabostaldian, Riccardo Chaillyren zuzendaritzapean
Kursaal Auditorioko kontzertuen zikloaren baitan, Milango Orchestra Filarmonica della Scala estreinako aldiz ariko da jaialdian, 2003an azkenekoz Hamabostaldian jardun ostean bueltan den Riccardo Chailly orkestraren titularrak zuzendua. Tandem italiarrak orkestra-birtuosismo handiko Tchaikovsky eta Ravelen obrez osatutako programa bati helduko dio. Kontzertua bihar, abuztuaren 27an, izango da, 20:00etan, Kursaal Auditorioan.
Jaialdiak ongi etorria ematen dio berriz ere Riccardo Chailly orkestra-zuzendaritzako figura handienetako bati, izan ere hirugarren aldia izango du Hamabostaldian. Milanen jaio zen 1953an, eta, Luciano Chailly konpositorearen seme gisa, musika giroan hazi zen. Perugia, Erroma eta Milango kontserbatorioetan konposizioa eta zuzendaritza ikasi ondoren, Sienako Franco Ferrararen tutoretzapean osatu zuen zuzendari prestakuntza, eta 20 urterekin Claudio Abbadoren laguntzaile bihurtu zen Milango alla Scala antzokian. Antzerki hau bera bere ibilbidea bultzatu zuen tranpolin bihurtu zen bost urte beranduago, 1978an, Masseneten Werther-ekin debutatu zuenean. Nazioarteko karrerak gora egin zuen eta laster hartu zituen sona handiko karguak: 1982 eta 1989 artean, Berlingo Irratiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra izan zen, eta 1986tik 1993ra, Boloniako Teatro Comunaleko musika-zuzendaria. Aldi berean, 1983tik 1986ra, Londresko Orkestra Filarmonikoko zuzendari gonbidatu nagusia izan zen. Baina behin betiko ospea 1998an lortu zuen, Amsterdamgo Concertgebouw Orkestra ospetsuko zuzendari titular izendatu zutenean, eta 2004ra arte bete zuen kargu hori. Aldi horretan, Chaillyk are gehiago igo zuen Herbehereetako orkestraren maila, klasikoetatik musika garaikiderainoko errepertorioa aztertuz, Mahler eta Brucknerren musikan arreta berezia jarriz. Chaillyk, Concertgebouwko Orkestrarekin batera, bi aldiz bisitatu zuen Musika Hamabostaldia, 1997an eta 2003an. Amsterdamen egon ondoren, 2005ean Leipzigeko Gewandhausorchester zuzendu zuen Chaillyk, eta oraindik ere harreman estua du orkestra horrekin. Gaur egun, opera-koliseoetan eta munduko orkestra ospetsuenekin zuzendari gonbidatu gisa agertzeaz gain, Chailly Milango Orchestra Filarmonica della Scalako eta Luzernako Jaialdiko Orkestrako musika-zuzendaria da.


