Mourad Merzoukiren Compagnie Käfig-ek "Folia" taularatuko du Kursaalen

  • Mourad Merzoukiren Compagnie Käfig-ek

Bihar igandea (abuztuak 25) dantzaren eguna izango da Kursaal Auditorioan, Mourad Merzouki koreografoak sortu eta zuzendutako Compagnie Käfig frantziarraren Folia ikuskizunaren eskutik. Barrokoaren eta kaleko erritmo eta dantzen arteko zuzeneko dantza eta musika muntaia hau, XVII. mendeko Gaztelako gorteko dantza herrikoi baten izena hartzen duena, mestizajeari eta Merzoukiren eta Le Concert de l 'Hostel Dieu taldeko buru Frank-Emmanuel Comteren arteko topaketari esker sortu zen. Ikuskizun honetarako sarrerakKursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta quincenamusical.eus webgunean eros daitezke.

2018ko ekainean Lyongo Théâtre Antique de Fourvière-n estreinatu zen Folia ikuskizunaren inguruan, honako hau dio Mourad Merzouki zuzendari artistiko eta koreografoak: "A priori elkarren aurkakoak gerta daitezkeen bi munduren arteko ustekabeko topaketak nire ikuspegi artistikoaren parte dira. Nire sorkuntzetan, hip-hopa etengabean eraman dut beste mundu batzuetara, beste unibertso musikal eta gorputzekin alderatzera. Folian, hip-hop dantzak Concert de l 'Hostel Dieu taldearen musika barrokoarekin egiten du topo, baina hori ez da dena: dantza garaikidea, dantza klasikoa eta derbitxe birakaria ere elkartzen dira. Benetako apustua da: publiko zabalak gutxi ezagutzen duen musika herrikoi hau soinu elektronikoekin konbinatu nahi izan dut, ikuspegi erabat berria eskaintzeko. Elkarrizketa berezia eta ustekabekoa da, eta musika gehigarria erabiltzeak bilatzen dudan dinamika ematen dio Foliari. Dantzariak eta musikariak sarritan banatzen dituen hesia ere hautsi nahi izan dut, azken horiek koreografian integratuz. Abentura honen erronka publikoa harritzea eta estereotipoak haustea da. [...] Aniztasun handia eta modernitate zoroa dago XVII. eta XVIII. mendeen arteko errepertorio barrokoan. Musika batzuk errepertorio kultukoak dira, Vivaldiren musika bezala, eta beste batzuk dantzatik datoz, Tarentelles edo Chaconnes delakoen kasu. Tarantela bat oinarri hartuta, partitura barrokoak sampleatu ditugu berrerabiltzeko, musika elektronikoa gehitu eta, guztia fusionatuta, horren gainean dantza egiten dugu. Garrantzitsuena bi munduak aurrez aurre jartzea da, talka egitea, elkarren artean komunikatzea".

Jarraitu irakurtzen


  • DataAbuztuak 24
  • Gaia Musika