Pedro Almodovarrek Donostia Sari bat jasoko du Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan
- Nazioartean aintzatespen handiena duen zuzendari, gidoigile eta ekoizle espainiarrak omenaldia jasoko du hilaren 26an (osteguna) La habitación de al lado / The Room Next Door bere azken filma eman aurretik
Pedro Almodovar zuzendari, gidoigile eta ekoizleak Donostia Sari bat jasoko du datorren irailaren 26an (osteguna) Donostia Zinemaldiaren 72. edizioaren barnean. Ohorezko golardoarekin, zinemaren munduari egindako ekarpen bikaina aintzatetsi nahi zaio omenduari, eta entrega-ekitaldia Kursaal Auditoriumean gauzatuko da, zinemagilearen azken film La habitación de al lado / The Room Next Door eman aurretik; zuzendariaren lehen filma da ingelesez, Tilda Swinton eta Julianne Moore ditu protagonista eta Veneziako zinema-jaialdiaren hurrengo edizioan lehian ariko da Urrezko Lehoia eskuratzeko. Hain zuzen ere, Swintonek emango dio saria oholtza gainean.
Pedro Almodovarrek ibilaldi luzea du zinemagintzan: hamar film labur baino gehiago, horietako zenbaitzuk oso zabalduak nazioartean, hala nola La voz humana (Veneziako Mostran estreinatua, 2020an) eta Extraña forma de vida (Cannesen estreinatua, 2023an), ia hogeita hamar film luzez gainera. Horregatik, 170 sari baino gehiago eta 200 izendapenetik gora jaso ditu. Aintzatespenen artean, nabarmentzekoak dira bi Oscar sari, bi Golden Globe, Europako Zinema Akademiaren zazpi golardo, bost Bafta, lau César, bost Goya eta bi David di Donatello. Cannesen, Berlinalen, Venezian eta Donostia Zinemaldian golardoak jasotzeaz gain, MOMAn omendua izan da Almodovar eta, halaber, Jean Renoir Sariaz errekonozitu da, David Lean Lecturerako hautatu da eta honoris causa doktore izendatu dute Harvard eta Oxfordeko unibertsitateetan, baita Estatu Batuetako Arte Ederren Urrezko Medaila, Espainiako Arte Ederretako Merituaren Domina, Arteen Asturiasko Printze Saria, Ohorezko Legioaren Zaldun Ordena Nazionala (Frantzia) jaso ere.
Bere talentu artistikoaz eta estilo bisual propio eta bereziaz gainera –Almodovarren nortasuna alderdi orotan da agerikoa: arte-zuzendaritza, soinu-banda, etab.– Pedro Almodovarren zinema gailendu egiten da emakumezko pertsonaien idazketagatik, aktore-zuzendaritzagatik, LGTBIQ+ unibertsora, erlijiora, sexura, adikzioetara, oroimen historikora eta beste hainbat gaitara hurbiltzean duen ausardiagatik eta erakutsitako konpromiso politikoagatik; izan ere, publikoki adierazi izan du gatazka belikoen eta ultraeskuineko diskurtsoen aurka dagoela.


