Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2025eko egutegia egiteko argazki lehiaketa
Gipuzkoako Foru Aldundiak argazki lehiaketaren zortzigarren edizioa aurkeztu du; oraingo honetan ere, Gipuzkoako herritarrek egingo dute erakundearen 2025eko egutegia. Irailaren 1ean jarriko da martxan eta aurtengo gaia "Gipuzkoa mila paisaia, mila ohitura, mila istorio" da eta parte hartu nahi dutenek, beraz, kontzeptu hori islatu beharko dute argazkietan.
Ohi bezala, aurten ere lehiaketa Gipuzkoako Argazkilari Elkartearekin batera elkarlanean antolatu da, eta, guztira, 4.000 euro banatuko ditu saritan: lehenengoak 1.000 euroko saria jasoko du eta egutegiko azalean aterako da. Horrez gain, 250 euroko 12 sari ere egongo dira, egutegiko hilabete bakoitzeko bana. Lehiaketa 18 urtetik gorako argazkizaleei nahiz profesionalei irekita dago. Pertsona bakoitzak hiru argazki aurkeztu ditzake gehienez: originalak, lehenagotik argitaratu gabekoak eta aukeratutako gaia irudikatzen dutenak. Argazkiak Gipuzkoan ateratakoak izan behar dira.
Lehiaketan parte hartzeko interesa duenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren gipuzkoa.eus/argazki-lehiaketa webgunean sartu beharko da, eta bertan aurkeztu beharko ditu argazkiak. Lehiaketaren epea irailak 1ean irekiko da eta irailaren 30ean itxiko da. Argazkiak JPEG formatuan aurkeztuko dira, horizontalean, 20x33 cm-ko tamainarekin eta hazbeteko 300 pixeleko bereizmenarekin, eta zuri-beltzean nahiz koloretan aurkezteko aukera egongo da. Aurkeztutako argazkiak ezin dira lehenagotik, aldizkarietan, egunkarietan edota bestelako edozein publizitate-kanpainatan argitaratuta egon. Bestalde, ezingo da aurkeztu aurretik argazkilaritza sariren bat jaso duen argazkirik, eta ez da onartuko egilearen sinadura edota logotipoa daramaten argazkirik. Halaber, edizio digitala onartzen da, baina ez da onartuko hartutako irudien gainean elementuak manipulatzea edo gehitzea edo ezabatzea, ezta adimen artifizialarekin egindako obrarik ere ez.
Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko ordezkariekin osatutako epaimahaiaren ardura izango da argazki guztiak ikusi eta baloratzea, baita lehiaketako oinarriak betetzen ez dituzten horiek ezabatzea ere. 13 argazkirik onenak aukeratuko dituzte eta, horretarako, kalitate artistikoa, lanen teknika eta lehiaketaren gaiarekin harremana hartuko dituzte kontuan. Parte-hartzaileek ziurtatu beharko dute emandako datuak benetakoak eta egiaztatu daitezkeenak direla. Behin argazkiak bidalita, Foru Aldundiak datu hauek eskatuko dizkie parte hartzaileei argazkia aukeratua den kasuetan: kalitate altuko irudia aukeratutako leloaren izenarekin eta datu pertsonalak.
- Epea 2024(e)ko Irailak 1(e)tik 2024(e)ko Irailak 30(e)ra
- EntitateaGipuzkoako Foru Aldundia
- Deialdi-motaSariak eta lehiaketak
- SektoreaIkusizko arteak
- JardueraSorkuntza
Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.


