"Egizu!" izena izango du irailetik maiatzera bitartean egingo den Gasteizko Udal Musika Bandaren denboraldi berriak
- 10 kontzertu izango dira eta bakarlariak eta, zuzendari gonbidatu gisa, Isabel Rubio eta Manel Valdivieso izango dira bertan
- Luzea da interpretatuko dituzten lanen konpositoreen zerrenda; horien artean, Ernesto Aurignac izango da egoiliarra, eta VG Music Labek Anibal Caño aukeratu du
- 3 estreinaldi izango dira denboraldian: Zehaztu gabeko izenburua (VG Musik Lab), Anibal Cañorena, eta Woodie for Clarinet & Concert Band eta Breathe I txistularientzat eta Bandarentzat, biak Aurignac-enak
Gasteizko Udal Musika Bandak dena prest du "EGIZU!" izenburua izango duen 2024-2025 denboraldirako. Irailetik maiatzera bitarte, 10 kontzertu izango dira; 2023-2024 denboraldian baino 3 gehiago. Oraingoan, ohiko kokalekua aldatu egingo da Principal Antzokian egin beharreko zaharberritze-lanak direla eta, eta Europa Biltzar Jauregian izango dira.
"Denboraldi bakoitza erronka da, ezarritako kalitatea mantenduz urtez urte berritzen jarraitzeko. Aurten, gainera, erronka hori are handiagoa izango da Europa Jauregira egin beharreko lekualdaketa ere gehitu behar zaiolako. Denboraldi ezberdina izango da eta ohikoa baino denbora gehiago daramagu horren inguruan lanean. Baina seguru nago oso arrakastatsua izango dela eta Gasteizek bere bandaren eta EGIZU! denboraldi zoragarria izan dadin elkarlanean arituko diren profesionalen bertsio onenaz gozatzeko aukera izango duela", adierazi du Sonia Díaz de Corcuerak, Kultura eta Hezkuntza zinegotziak, ekimenaren berri emateko egindako prentsaurrekoan.
"Denboraldi honek, gainera, erronka teknikoak eta antolaketa mailakoak ere ekarriko dizkigu eta Principal Antzokitik Europa Jauregirako aldaketak, arazoa beharrean, aukera ekar dezan beharrezko gai guztiak koordinatzen ari gara. Gure abonatuak eta publikoa, oro har, mimatu nahi ditugu leihatilarekin, kokapenarekin, sarrerekin eta abarrekin lotutako dinamikak kontuan hartuta. Horren bidez, Udal Bandaren kontzertu batera joatearen esperientzia ahalik eta atseginena izatea nahi dugu eta, batez ere, denboraldi eredugarria planteatu nahi dugu errepertorioaren, gonbidatuen eta Bandaren barietateari eta kalitateari dagokienez", adierazi du Bandaren zuzendariondokoak, Iker Olazabalek.
10 hitzordu horietan, Bandak publikoa hainbat ekintzatan parte hartzera gonbidatuko du. Hain zuzen ere, Bandak honela laburbildu du: "Egin nahi duzuna, baina... EGIZU! Bizi biharamunik egongo ez balitz bezala, ametsetan edo bizitza errealean... baina EGIZU! Amestu gure musika; bizi ezazu, itxi begiak edo ireki... baina EGIZU! Egiten duzuna eginda ere, gurekin, Gasteizko Udal Musika Bandarekin egitera gonbidatu nahi zaitugu".
"Gure entzuleak gonbidatu nahi ditugu ekintzara pasatzera, zentzumenak irekitzera, ezagutzera, edo bidaiatzera, bilakaera izatera eta jardutera... Izan ere, kontzertu bakoitza ekintza horietako bakoitzarekin lotuko dugu eta ikusleak egoera asko imajinatzeko aukera izango du. Eta gure musikaren, gure partaideen eta musikari gonbidatuen, zuzendarien eta zuzendari gonbidatuen bidez egingo dugu", adierazi du Luis Orduñak, Bandaren zuzendariak.
Aurtengo berritasun gisa, MUSIKENEko, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko, ikasleak izango dira erakundeen arteko ohiko elkarlana erraztu eta sorpresa ugari ekarriko dituen proiektu baten baitan.
Aurreko denboralditik mantenduk odena konpositoreen laguntzarekin musika-sorkuntzaren alde egindako apustua izango da. Ernesto Aurignac, Estatu osoko jazz arloko konpositore esanguratsuenetako bat, izango da denboraldiko egoiliarra. Horrez gain, Anibal Cañoren eskutik, VG Musik Labeko konpositorearen lana berrargitaratuko da. Baina ez da bakarrik egongo; izan ere, konpositoreen zerrenda luzea da eta, horien artean, hauek izango dira: Bert Appermont, Sara Galiana, Gregory Fritze eta Oscar Navarro (Gasteizko Udal Bandako konpositore egoiliarra izandakoa aurreko denboraldian).


