Omenaldia Nestor Basterretxea artistaren aurpegi irundarrari

  • Omenaldia Nestor Basterretxea artistaren aurpegi irundarrari

Irungo Udalak herritar guztiei jakinarazten die erakusketa bat antolatu dela Nestor Basterretxearen mendeurrenaren karietara. Menchu Gal aretoan inauguratuko da uztailaren 23an. Artista bermeotarraren jaiotzaren mendeurrena dela eta antolatu erakusketa, Irungo Udala beste erakunde batzuekin batera ekitaldi horietan parte hartzen ari baita.

Basterretxea Irunen (1958-1971) izenburua du Menchu Gal aretoan jasotako bildumak, eta bertan izan dira gaur Cristina Laborda alkatea eta Nuria Alzaga lehen alkateordea eta Kulturako ordezkaria, bertatik bertara ezagutzeko artista unibertsal hark utzitako legatua.

Alkateak nabarmendu duenez, «Nestor Basterretxea mundu mailako artista dela esanda, ez diogu ezer berririk. Haren obra aski ezaguna da eta guk, irundarrok, zortea dugu, Nestorrek lotura estua izan baitzuen gure hiriarekin. Izan ere, hemen bizi izan zen hamarkada batez, eta parte-hartze aktiboa izan zuen hiriko bizitza artistikoan. Horregatik, artistaren jaiotzaren mendeurrenean, ez zait bururatzen maitasunez eta errespetuz ondu den erakusketa hau antolatzea baino bide hoberik, haren obra eta bizitza omentzeko».

Basterretxearen eta Irunen arteko harremana 1958an hasi zen, Iparralde hiribideko tailer-etxean bizitzen jarri baitzen, eta bertan bizi izan zen 1968ra arte, Jorge Oteiza artista handiarekin batera. Urte horietan, artistak aktiboki hartu zuen parte Irungo bizitza kulturalean eta, pinturaz eta eskulturaz gain, altzarien diseinua (Biok) eta zinema ere jorratu zituen. Hain zuzen ere, dokumental batzuk filmatu zituen Fernando Larruquertekin.

Irungo Udalak antolatutako erakusketa honetan, artistak Irungo egonaldian osatutako lana bildu da. Fernando Golvano aritu da komisario-lanetan, eta elkarlan estuan aritu da Basterretxea Irurzun familiarekin.

Hiru ardatzen inguruan egituratu da erakusketa: alde batetik, 1958 eta 1971 arteko Irungo egonaldian gauzatutako sorkuntza aztertuko da. Oso lotua dago Luis Vallet de Montano arkitektoak Basterretxea eta Oteizaren laguntzaz proiektatutako tailer-etxera, Iparralde hiribidean. Bigarrenik, Basterretxearekin batera Gaur taldean (1965-1967) parte hartu zuten artisten obrekiko elkarrizketa bat eskaintzen da; horien artean daude Oteiza, Txillida, Amable, Mendiburu, Sistiaga, Balerdi eta Zumeta. Azkenik, diseinuari buruzko hirugarren ardatz bat ere badago, besteak beste, BIOKen bidez gauzatua. Pieza horien artean, nabarmentzekoak dira Agirre gozotegiko mahai bat, gaur egun ere Irungo establezimendu horretan erabiltzen dutena eta erakusketarako laga dutena.

Basterretxea Irurzun familiaren bildumako obrez gain, beste erakunde batzuek  utzitako obrak ere erakutsiko dira, hala nola Bilbao Museoa, Artium, Jorge Oteiza Fundazio Museoa, Vallet de Montano funtsa edo Irungo Artxiboa, baita bilduma partikularretakoak ere: Usoa Zumeta, Gorka Sistiaga, Maru Rizo, Agirre gozotegia edota Ipiña Bidaurrazaga bilduma. Gordailuak ere lagundu du, bertan baitago gordeta familiaren obraren zati bat.

Erakusketa irekita dagoen bitartean, bisita gidatuak eskainiko dira, aldez aurretik iragarrita. Gainera, Menchu Gal aretoko gainerako erakusketatan bezala, ohiko formatuko katalogo bat argitaratu da. Fernando Golvano komisarioak idatzi du, eta 3 euroko prezioan salduko da.

Jarduera hau Basterretxearen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko antolatzen ari den programa zabal baten parte da, non beste erakunde batzuek ere parte hartzen duten, hala nola Artium, Bilbao Museoa, Eusko Legebiltzarra, Montehermoso Kulturunea, Hondarribiko Udala edo Euskadiko Filmoteka. Gai horren inguruko informazioa https://nestorbasterretxea100.artium.eus/eu/ webgunean dago jasota.

Jarraitu irakurtzen

www.irun.org

  • DataUztailak 16
  • Gaia Ikusizko arteak