"5x5 Bilbao" 2024
Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, diseinuaren arloko uriko hiru profesional hautatzeko deialdia egin du. Profesional horiek 3 euskal enpresak planteatutako erronkei erantzun beharko diete. "5x5 Bilbao" programaz ari gara. Proiektu erabat berritzailea da, Udalaren eta Flandriako Designregio Kortrijk (DKR) irabazi-asmorik gabeko erakundearen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu ondoren Bilbon abian jarri dena. Metodologia horren bidez, diseinua eta diseinuaren arloko profesionalak ekoizpen-katean txertatu nahi dira. Esan beharra dago metodologia hori arrakastaz garatu dela azken bi hamarkada hauetan Kortrijkeko 80 enpresatan baino gehiagotan. Duela bi urte, lehen aldiz, Lituaniako Kaunas hirira zabaldu zen -emaitza positiboekin- eta orain Bilbora dator.
Bilbora egokitutako akordioan, Bilbao Ekintzak eta Designregio Kortrijk elkarteak, EIDEren (Euskal Diseinuaren Elkartea) lankidetzarekin, Bilboko hiru profesionalak aukeratuko dituzte, urtebetez hiru ETEri lagunduko dietenak diseinuaren arloko erronka bati erantzuteko. Programaren barruan Kortrijkeko diseinatzaile bi ere egongo dira, beste bi euskal enpresatan, produktu edo zerbitzu bat garatzen edo birdiseinatzen. Guztira 5 profesional eta 5 ETE, prototipo bat egiteko helburuarekin. Prototipo hori erakusketa batean aurkeztuko da, 2025eko udazkenean, programa amaitzen denean.
NORK HAR DEZAKE PARTE
Diseinuaren arloko edozein profesionalek (autonomoak, enpresa txiki edo ertainak) parte hartu ahal izango du, baldin eta egoitza soziala edo gutxienez lantoki bat Bilbon badu eta gutxienez 5 urteko esperientzia badu.
Eskabideak aurkezteko epea uztailaren 29an amaituko da, 11:00etan, eta hautagaitzak helbide elektroniko honetan aurkeztu beharko dira: sectores@bilbaoekintza.bilbao.eus.
Parte hartzeko inprimakia, oinarriak eta deialdi honetako testu osoa Bilbao Ekintzaren webgunean daude eskuragarri: https://www.bilbaoekintza.eus/proyectos.
Besteak beste, hautatutako pertsonak enpresa eta/edo sektore berriekin harremanetan jarri ahal izango dira, eta 12 hilabetez lankidetzan jardun ahal izango dute ETE batekin, premia berriak bilatzeko eta diseinuaren bidez irtenbide berritzaileak ikertzeko; gaitasunak indartu ahal izango dituzte, eta ikusgarritasuna eta hedapena izan; eta, azkenik, 10.000 euroko (BEZa barne) kontraprestazio ekonomikoa jasoko dute.
EUSKADIKO ETEen ERRONKAK BILBOKO HIRU PROFESIONALENTZAT
Programa hau abian jartzeko, Bilbao Ekintza udal-sozietateak, kluster elkarte batzuekin eta, bereziki, EIDErekin (Euskal Diseinuaren Elkartea) lankidetzan, diseinuaren metodologiak erabiliz produktu/zerbitzu berri bat edo funtsezko berrikuntza bat garatzeko interesa izan dezaketen enpresak bilatu eta hautatu ditu.
Premia horietan oinarrituta, enpresa horiek erronka espezifikoak planteatu dituzte, eta Bilboko hiru profesionalek horiei erantzun beharko diete. Hauek dira:
1) Ingurumen-bioteknologiaren sektoreko produktu eko-berritzaile bat berriz diseinatzea. Helburuak: hobekuntza estetikoa lortzea hiri-ingurunean integratzeko eta jasangarritasuna hobetzea material berriak aukeratuz eta material horiek mantenduz erabiltzaile-esperientzia erraztea.
2) Garbiketa profesionaleko produktu-lerro berri bat diseinatzea. Helburua: jasangarritasunaren eremuan, posizionamendua hobetzea, enbalaje mota berri bat (packaging) eta merkaturatzeko estrategia egokia erabiliz.
3) Mugikortasun pertsonalari lotutako laguntza-produktu bat berriro diseinatzea. Helburua: eraginkortasun ekologikoa eta ekonomikoa hobetzea, osagaiak, materialak eta prozesuak optimizatuz tokiko ekoizpena bultzatzeko.
- Epea 2024(e)ko Uztailak 15(e)tik 2024(e)ko Uztailak 29(e)ra
- EntitateaBilbao Ekintza
- Deialdi-motaParte-hartzerako deialdia
- SektoreaBestelakoak, Diseinua
- JardueraSorkuntza
Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.


