OPEN Jaialdia aldatu egingo da, arkitekturari buruzko begirada zabalagoa eta irekiagoa eskaintzeko
- Zortzigarren edizioa "Arkitekturen Jaialdia" lelopean egingo da, eta egitarauak asteburu bat baino gehiago iraungo du, urriaren 1etik 6ra
Zortzigarren edizio honetan, Open House jaialdiaren izena aldatuko da –hemendik aurrera, OPEN jaialdia izango da–. Gainera, espazioak irekitzen jarraitzeaz gain, ikusgarritasuna emango die arkitektura egiteko molde berriei. Horretarako, estudio berrien edo eraikuntza gabeko arkitekturen begirada baliatuko du, lanbidean jarduteko modu alternatibo gero eta ohikoagoak erakutsiz.
Jakitun izanik gaur egungo arkitektura-jarduna inoiz baino askotarikoagoa dela eta imajinario kolektiboan oraindik ere arkitektura-eredu bateratu eta ikoniko bat nagusi dela, OPEN programak ikuspegi hori zabaldu nahi du, beste arkitektura mota batzuk erakutsiz: eguneroko arkitekturak, ikusten ez diren arkitekturak, arkitektura femeninoak, arkitektura zaintzaileak...
Horretarako, jaialdiaren programazioak asteburua baino gehiago iraungo du, urriaren 1etik 6ra, Arkitekturen Jaialdia lelopean.
Programa hainbat ekintzatan oinarrituta diseinatu da, arkitektura BISITATU, HITZ EGIN, JOLASTU, IBILI, DISEINATU eta IKUSI ahal izateko.
OPENek 60 espazio berezi baino gehiago irekiko ditu bisitarientzat, hori programaren muina denez. Aldi berean, elkarrizketarako espazioak sortuko ditu, jolasa sustatuko du hirian, oinez ibiltzera eta hiria deskubritzera gonbidatuko gaitu, eta hiria elkarrekin birdiseinatzera eta ikuspegi eta begirada desberdinetatik ikustera bultzatuko gaitu. Hori guztia irailean aurkeztuko diren kultura-jardueren programaren bidez gauzatuko da.


