Tabakalerak "Topalekuak" erakusketa inauguratu du, arte garaikidearen eta Eduardo Chillidaren obraren arteko elkarrizketa

  • Tabakalerak

Tabakalerak Topalekuak inauguratu du, Eduardo Chillida jaio zeneko mendeurrenaren ospakizunen testuinguruan sortutako erakusketa, euskal artistaren obra eta praktika artistiko garaikideak elkarrizketan jartzen dituena. Zentroak sorkuntza garaikidearekin hartua duen konpromisoaren ildotik, erakusketa honen asmoa da artista donostiarraren obraren funtsezko gaien inguruan ikuspegi berriak esploratzea, egungo praktika artistikotik abiatuta.

Chillida familiarekin, Chillida Leku Museoko lantaldearekin eta Eduardo Chillida - Pilar Belzunce Fundazioarekin lankidetza estuan aritzea funtsezkoa izan da erakusketa hau egiteko, izan ere, Eduardo Chillidaren obrak, idatziak eta artxiboa gertutik ezagutzeko aukera ezinbestekoa izan da.

Horrela, Soledad Gutiérrez komisarioaren eta ikertzailearen gidaritzapean, Tabakalerak diziplina askotariko artistak, tokikoak eta nazioartekoak, gonbidatu ditu Eduardo Chillidaren (Donostia, 1924-2002) obra artistikoan murgiltzera, haren lanarekin elkarrizketan ari diren piezak sortzeko. Artista hauen lanak daude ikusgai erakusketan: Elena Aitzkoa, Josu Bilbao, Laia Estruch, Sheroanawe Hakihiiwe, Juf (Bea Ortega Botas eta Leto Ybarra), Christian Salablanca Díaz, Marianna Simnett eta Eduardo Chillida berarenak ere bai. 

Topalekuak izenak, alde batetik, gogora dakar Eduardo Chillidak 1964 eta 1974 artean egindako "Lugar de encuentros" seriea; hormigoizko eraikidura eseki handiek osatua, non latsarri zaharren arkitekturatik abiatuta, uraren zirkulaziori buruz jardun zuen hausnarketan Chillidak. Aldi berean, intuizioa ziurtasun bilakatzen den unera garamatza, artistak ideiekiko "topaketak" deitzen zuenera. Bestetik, nabarmentzekoa da Chillidak ezker eskuarekin marrazteko metodoa erabiltzen zuela bere trebetasun eta aurretiko ezagutzaren menpe egotea saihesteko. Horrek bide ematen zien bere emozioei eta sentsibilitateari bere lana gida zezaten.

Jarduteko modu hori, gaur egungo praktikatik begiratuta entzute aktibo deituko genukeena, materialekiko hartu-emanean, eta sentsazioetan eta pertzepzioetan oinarritzen zen. Chillidak honela zioen: "Esperientzia jakintzara bideratzen da. Pertzepzioa, berriz, jakitera". Hala, jakintzaren metaketa zalantzan jartzen duen ideia horretan inspiratuak dira, hain zuzen, erakusketa honetako proposamenetako asko. Eta hauekin batera Chillidak igeltsuz egindako bi pieza txiki daude ikusgai, 'Lugar de encuentros' seriekoen homonimoak, eta erakusketa-aretoan bisitariei ongietorria egingo dietenak.

Erakusketak espazio bat eratzea du helburu, hausnarketarako gune bat intuizioari buruz, bilaketa-lanerako elementu gisa, eta lekuarekiko loturari eta beste ezagutza-modu sentikor eta sentsorialago batzuei buruz, lan-metodologia gisa. Espazio honetan sortzen den elkarrizketak hainbat proposamen artistikotan du haria ¿horietako lau ekoizpen berriak erakusketarako propio eginak¿ eta gogoeta zabalegoetara hedatzen dira materialtasunaren inguruan, lan-prozesuen inguruan, eta bizi garen testuinguruekin erlazionatzen garen moduaren inguruan.

Jarraitu irakurtzen


  • DataEkainak 20
  • Gaia Ikusizko arteak