Koldobika Jauregi eskultorea hil da, 64 urte zituela
- Eskulturan nabarmendu bazen ere, artearen alor askotan aritu zen Jauregi alkizarra: margogintzan, performanceak egiten, ekoizpenen diseinuetan, bideo-sormenean etab. 70eko hamarkadan hasi zen eta hainbat sari jaso zituen
Koldobika Jauregi Zinkunegi euskal eskultore minimalista hil da, 64 urte zituela, bihotzekoak jota. Alkizan jaiotako artista eskulturan aritu zen batez ere baina artearen beste alor askotan ere aritu zen: margogintzan, performanceak egiten, ekoizpenen diseinuetan, bideo-sormenean etab.
Zura eta harria lantzen zituen batez ere eta materialen izaerarekin jokatzen zuen. Eduardo Chillida zuen maisutzat eta 2019an Chillida Leku berriz ere ireki zutenean, bisita gidatu sakona egin zion Euskadi Irratiko Faktoria saioari.


