Haizetara: Amorebieta-Etxano, fanfarre eta txaranga doinuz blai
Ekainaren 21etik 23ra egingo da Fanfarreen, Banden eta Kale Musikaren Nazioarteko Lehiaketaren aurtengo edizioa, XVII.a. Ainhoa Salterain Gandarias Amorebieta-Etxanoko alkateak eman dizkigu Haizetara egitasmoaren historiari eta aurtengo egitarauari buruzko xehetasunak.
Noiz sortu zen Haizetara? Zer helbururekin? Garai hartan ez ziren oso ohikoak izango gure artean era horretako proposamenak. Nondik jaio zen ideia? Beste lehiaketa edo jaialdiren bat izan zenuten eredu?
Haizetara 2006an hasi zen. San Joan egunaren inguruan antolatu zen; udari hasiera emateko jaialdia dela esan daiteke. Udalerriko artxibo historikoetan jasotzen denez, San Joan egunean ohikoak ziren musika-kontzentrazioak kalean. Jaialdi honekin, XX. mendearen hasieran musika San Joan suarekin lotzen zuen festa hura berreskuratu nahi du Amorebieta-Etxanoko Udalak.
Horrelakoak ez ziren oso ohikoak, baina oso erakargarria iruditu zitzaigun musika herriko gune ezberdinetara zabaltzea eta herritarrei musikaz gozatzeko aukera eskaintzea.
Nola gogoratzen duzue hasierako urte haietan Haizetara antolatzeko eta ezagutzera emateko egindako lana?
Festibal berria izanda, komunikazio-aldetik lan handia egin behar izan zen lehenengo urteetan, baina orain denok dakigu zer den Haizetara, eta ekaineko egun horiek heltzeko zain gaude, kalean musikaz gozatzeko egunak direlako.
Haizetara ezinbesteko hitzordu bihurtu da urteotan, ez herritarrentzat bakarrik, baita handik eta hemendik iristen diren bisitarientzat ere. Zein dira arrakastaren gakoak? Musikarien eta publikoaren artean sortzen den gertutasuna izan daiteke horietako bat?
Duda barik musikarien eta publikoaren artean sortzen den konexioa ikaragarria da. Umeak, gazteak eta nagusiak, modu batean edo bestean denok gara Haizetarako partaide asteburu horretan zehar.
Herritar guztiak erakarri nahi ditu Haizetarak, baina, aldi berean, musika-arloarekin zerikusia duen publikoari zuzenduta dago; izan ere, jaialdiaren bidez, munduko hainbat lekutako kaleko musika-joerarik berritzaileenak ezagutu daitezke.
(Tenampa Brass Band)
Ekainaren 21etik 23ra egingo da aurtengo edizioa, XVII.a. Zenbat taldek aurkeztu dute hautagaitza? Nola egin duzue aukeraketa? Zein dira aurten parte hartuko duten bandak? Zer-nolako musika egiten dute?
Guztira nazioarteko 51 bandak eman dute izena lehiaketan parte hartzeko, eta 9 hautatu ditugu, jatorri desberdinetakoak eta musika-estilo anitzetakoak.
TENAMPA BRASS BAND taldea, adibidez, Mexikotik dator. Bere energia kutsakorragatik, errepertorio anitzagatik eta entzuleekin erlazionatzeko trebetasunagatik da ezaguna. Jai-giro paregabea sortzen du.
Frantziatik, bi talde izango ditugu: batetik, ORCHESTRE NATIONAL DU JAHINER, instrumentu tradizionalak konposizio originaletan erabiltzeagatik nabarmentzen dena; eta, bestetik, UGS BRASS BAND, jazza eta punka, musika berri freskoa eta konposizio propioak nahasten dituena.
BRAZZMATAZZ talde belgikarra izango da beste protagonistetako bat. New Orleanseko eta Balkanetako musikaren eragina du, eta musika hori soinu elektroniko eta modernoekin uztartzen du.
(Brazzmatazz)
Erresuma Batutik, LLAREGGUB BRASS BAND izango dugu, Galesko musika tradizionala eta New Orleanseko hip hopa, funka eta jazza nahasten dituena, eta, Italiatik, THE TAMARROS, disko-musika egiten duen banda.
Eta horiez gain, Estatuko hiru talde arituko dira: PIXIE & DIXIE BAND Peñafieleko (Valladolid) eta Palentziako musikariz osatuta dago. New Orleanseko jazz-formazio erabat akustiko eta berezkoarekin, bere musikari izaera lotsagabea ematea lortu du. LA TROCAMBA MATANUSCA talde valentziarrean, aldiz, fanfarre balkanikoek, folkak, swing- eta jazz-zertzeladek bat egiten dute klezmer-aren eta skaren leherkortasunarekin. Eta, amaitzeko, NEW TOCADOS madrildarrak ditugu. Txaranga bat baino gehiago da, errepertorio musikal anitza, ondo landua, indartsua eta dinamikoa duena. Rocka, musika elektronikoa eta erritmo latinoak uztartzen ditu.
(La Trocamba Matanusca)
Beti bezala, hiru sari banatuko dituzue. Ez da erraza izango nori eman erabakitzea. Zer izaten da kontuan? Publikoak ere izango du zeresanik, ezta?
Fanfarreen, Banden eta Kale Musikaren Nazioarteko Lehiaketan parte hartzen duten taldeek lehiaketako hiru sarietako bat irabaztea izango dute helburu.
Amorebieta-Etxanoko Udalak izendatutako epaimahaiak aukeratuko ditu bi sariren irabazleak: Banda Onenaren Saria (15.000 euro) eta Instrumentu-jotzaile Onenaren Saria (1.000 euro). Hirugarren sari bat ere izango da: zornotzarrek zein egun horietan Amorebieta-Etxanora datozenek euren banda gustukoenaren alde bozkatu ahal izango dute www.haizetara.eus webgunearen bitartez. Publikoaren Sariaren irabazleak 4.000 euroko saria jasoko du.
(Olatz García Ergüin Quartet)
Beste behin, Euskal Herriko Fanfarreen eta Txarangen Topaketa egingo da, eta jam session saio bat ere izango da. Beraz, Haizetara lehiaketa bat baino askoz gehiago da, ezta?
Urteekin, Haizetarak dimentsio handiagoa hartu du. Lehiaketaz gain, Haizetararen inguruan beste hainbat ekintza antolatzen dira. Aipatutako jam sessionak ez ezik, beste urte batzuetan musikaren inguruko erakusketak ere izan dira. Aurten, Euskal Herriko Fanfarreen eta Txarangen Topaketa ekainaren 22an (larunbata) egingo da. Kalean egon ohi den giro ederraren seinale dira festibalaren inguruan antolatzen diren ekintza horiek guztiak, eta oso arrakastatsuak izaten dira beti.
(Ustekabe)
2015ean, aurreko urteetako irabazleen arteko lehia antolatu zenuten. Beharbada, laster izango da hurrengoa. Nola baloratzen duzue orain arte egindako ibilbidea? Gorabehera handiak izan al dira urteotan?
Ibilbidea oso positiboa da. Ekimen arrakastatsua da; jendea irrikaz egoten da ekaineko asteburu hori iristeko eta musikaz gozatzeko. Musikarientzat ere oso esperientzia ederra da; lehiaketa izanagatik, topaketa bihurtzen da gehien bat, taldeen arteko sinergietarako lagungarria, eta, saria irabaztea garrantzitsua den arren, esperientzia hori baloratzen dute batez ere. Itzultzeko gogoz egoten dira, eta, beraz, taldeek ahal badute, 20. edizioan berriro txapeldunen lehia antolatzea aztertzeko kontua da.
Etorkizunera begira, zein dira Haizetara lehiaketaren erronka nagusiak?
Behin jaialdia finkatuta dagoela, publiko handia izateak ekar ditzakeen deserosotasunei erantzutea da azken urteetako erronka, talde bakoitzarekin gozatzeko modua erraztea, eta eskaintza zabalagoa lortzea da horretarako bidea, ez dugulako elektrifikaziora jo nahi. Hori da Euskal Herriko Fanfarreen eta Txarangen Topaketan parte hartuko duten zazpi taldeekin aurtengo egitaraua indartzeko arrazoia. Horren bidez, publikoaren erosotasuna bilatzen da; izan ere, Amorebieta-Etxano ezagutarazteko, jaialdia herriko beste kale batzuetara zabalduko da.
(2024ko ekainaren 17an argitaratutako Berezia)


