Abian da UPV/EHU-Guggenheim Bilbao Museoa GELA
- Arte garaikidea kontserbatzera eta zaharberritzera bideratua, gaur formalizatu da gelaren sorkuntza museoanGaur sinatu den hitzarmenarekin, UPV/EHU-Guggenheim Bilbao Museoa Gela errealitate bat da jada. Ekitaldian bi
erakundeetako agintari gorenek hartu dute parte: Eva Ferreirak, Euskal Herriko Unibertsitateko Errektoreak, eta Juan Ignacio Vidartek, Guggenheim Bilbao Museoko Zuzendari Nagusiak. Halaber, bertan izan dira, Unibertsitatetik, Gorka Moreno, Bizkaiko Campuseko Errektoreordea; Itsaso Maguregi, Pintura Saileko Zuzendaria; eta Katrin Alberdi, Gelaren Zuzendaria; eta Museotik, Daniel Vega, Erakusketa eta Kontserbazio Zuzendari Teknikoa; Ainhoa Sanz, Kontserbazio eta Zaharberritze Koordinatzailea; Aitziber Velasco, Kontserbazio Teknikaria; eta Sonia Núñez, Erregistroko Koordinatzailea.
Euskal unibertsitate publikoko errektorea pozik agertu da akordio hau sinatu delako: "Unibertsitatea eta museoa elkarlanean ari ginen hainbat gaitan, eta orain beste lan-ildo bat ireki dugu: arte garaikidearen kontserbazioa eta zaharberritzea. Biak gara erakunde giltzarriak euskal kulturan; horregatik, asko dugu partekatzeko. Eta eskerrak ematen dizkiot, noski, Guggenheim Bilbao Museoari proiektu honetan jarri duen konfiantzagatik, Arte Ederren Fakultatean konfiantza izatea eta euskal unibertsitate publikoan konfiantza izatea ere delako".


