Begirada berriak Tabakalerako zine-programazioan
Tabakalerako pantaila partekatuak, ohiko zine-programatzaileez gain, beste komunitate eta kolektibo batzuei zabaltzen die filmak programatzeko aukera, eta ekaina izango da emanaldi horietako hiru bilduko dituen hilabetea.
Duela denbora batetik hona gauzatzen ari den ekimen honen bitartez Tabakalerako pantaila partekatua are partekatuago egitea da helburua. Horrela, komunitate berriekin lanean aritu dira Tabakalerako zenbait arlo, elkarrekin zine-programazioan ikuspegi eta lan egiteko modu berriak txertatuz.
Lehen emanaldia ekainaren 6an izango da eta UNIK taldeak programatu du. Tabakaleran bi astetik behin elkarten den talde hau ondoez psikosozialaren bizipen, enuntziazio eta politizazioaren inguruko elkargune eta sorkuntza-gune irekia da. Saioa antolatu ahal izateko, Mireia Montané zine programatzailea gonbidatu dute. Lau saiotan zehar, taldeak hainbat pelikula ikusi ditu, zineari buruz hitz egin du eta, kide guztien artean, kezkak sortarazten dizkien gaiei buruzko pelikula bat proiektatzea erabaki dute. Horrela, Adam Elliot artista eta zinema zuzendari australiarraren Mary and Max animazio lana izan da hautatutako filma. Elliotek ia etengabeko dardara fisikoa eragiten dion gaixotasun genetikoa du, eta sindrome hori pantailara eraman du.


