Tabakalerak eta EITBk Xabier Payaren "De rigor mortis" eta Garazi Urkola eta Hodei Arrastoaren "Enkantea" soinu fikzioen ekoizpena abiatu dute

  • Tabakalerak eta EITBk Xabier Payaren

Tabakalerak eta EITBk sustatutako Audiogile Berriak egitasmoaren lehen deialdian hautatutako hiru soinu-fikzio proiektuetatik, Xabier Payaren De rigor mortis eta Garazi Urkola eta Hodei Arrastoaren Enkantea ekoitzi eta zabalduko ditu EITBk. Udazkenean egingo da argitalpena, GUAU-Gure Audioa soinu-plataforma estreinatzearekin bat, Maite Goñi EITB Mediako Audio eta Digitaleko zuzendariak aurreratu duenez. Une horretan, halaber, jarriko da abian Audiogile Berriak II. deialdia. Ekimenaren helburua euskal soinu-fikzioa bultzatzea da, aukeratutako  proiektuen kalitateari eta bidegarritasunari erreparatuta.

Oso gustura agertu da emaitzarekin Maite Goñi. "EITBrentzat euskarazko audio-fizkziozko sormena estrategikoa da, mundu digitalerako euskarri eta produktu natiboen etapa ireki den honetan. GUAU-Gure Audioa  audio plataforma ere badatorrenez, audio-fikziozko gidoigintza euskaraz indartu eta bultzatu nahi dugu, eta Audiogile Berrien ekimenarekin jasotako uztak utzi digun emaitza ona ikusita, hurrengo kurtsoan bigarren edizioa aurkeztuko dugu", azaldu du.

Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak, halaber, EITBren eta Tabakaleraren arteko lankidetza goraipatu du: "Bi erakundeek sustatu dugu lehen aldiz euskarazko soinu fikzioa bultzatzen duen ekimen hau. Ekoiztu aurretik, Tabakalerako ikus-entzunezko laborategia mentorizazioen eta sortzaileen aholkularitzaren topaleku izan da, otsailetik maiatzera bitartean, eta oso pozik gaude orain bi proiektuk errealitate bihurtzeko bidea egingo dutelako".

Esan bezala, euskarazko fikziozko audio-gidoigintza sustatu nahi duen ekimen honek hainbat mugarri izan ditu: "Deialdi irekia gidoi proposamenak aurkezteko, hiru aukeratuen mentorizazioa zein garapenerako laguntza, eta, azkenik, lan onenen aukeraketa eta ekoizpena", azaldu du Itziar Aranguren epai-mahaian parte hartu duen EITBLabeko lankideak.

Jarraitu irakurtzen


  • DataMaiatzak 23
  • Gaia Ikus-entzunezkoa