"Laberindo" erakusketak Montehermosoko Jovellanos aretoa ehun-espazio ibiltari bihurtuko du, eta publikoak aukeratuko du nondik ibili nahi duen oinez
- Viviane Straub margolari gazteak ingurune ia labirintikoa eskainiko du eta bere lanaz nahi den ikuspegitik gozatzeko aukera emango du
Vivane Straub artistaren Laberindo erakusketa ikusgai izango da bihartik ekainaren 23ra bitartean Montehermoso Kulturunean. Erakusketari esker, Jovellanos aretoa ehun-espazio ibiltari bihurtuko da, eta publikoak aukeratuko du nondik ibili nahi duen oinez. Aurkezpen-ekitaldian, Sonia Díaz de Corcuerak, Kultura eta Hezkuntza zinegotziak, nabarmendu du sortzaile gazteak ingurune ia labirintikoa eskaintzen duela, bere obraz bakoitzak nahi duen ikuspegitik gozatzeko.
Aurkezpen-ekitaldian izan dira, halaber, artista; erakusketaren komisarioa, MawatreS (Juan Pablo Ordúñez); eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren fakultateko dekanoa, Ismael Manterola. Izan ere, erakusketa "Montehermoso+UPV/EHU" proiektu artistikoen hedapen programako 2023-24 ikasturteko azkena da (prestakuntza jasotzen ari diren artista gazteei beren lana ezagutarazteko aukera ematen die). Zinegotziak adierazi duenez, "programa hau aukera bikaina da Leioako fakultatean prestakuntza jaso duten artista berrientzat eta, gainera, egungo hezkuntza eta ikerketa artistikoaren panoramaren, alderdi formalen eta gure komunitatearekin planteatzen dituen loturen irudi zehatza eskaintzen du".
Erakusketaren protagonistak, Viviane Straub pintoreak, Filologia Erromanikoa eta Artearen Historia ikasi zituen Alemania eta Frantziaren artean, eta Arte Ederrak Euskal Herriko Unibertsitatean. Fundazio garrantzitsuen bekak eta hainbat sari jaso ditu (horien artean, Karrera Amaierako sari berezia).


