Eusko Label mikrofilm laburren lehiaketa 2024

  • Eusko Label mikrofilm laburren lehiaketa 2024

Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzak, HAZI Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren enpresa publikoaren bidez, Eusko Label mikrofilm laburren lehiaketaren bigarren edizioa deitu dute. Ekimenaren helburua da Euskadiko gertuko produktua zinemaren bitartez zabaltzea, bai eta gure nekazaritza-, abeltzaintza- eta arrantza-munduko jasangarritasunarekin lotutako guztia bultzatzea eta ezagutaraztea ere.

Berritasun gisa, aurten Eusko Label sailak lehiazko film laburrak ez ezik –6.000 eta 4.000 euroko sari bana izango dira–, Zinemaldiak euskal esparruko ospe handiko zinemagileei agindu dizkien bost film labur ere bilduko ditu lehiaketaz kanpo.

Lehiaketa

Film laburren izen-ematea egiteko, Zinemaldiaren webgunera jo beharko da ekainaren 17ra arte. Lanek gehienez hiru minutu iraungo dute, eta telefono mugikorraz eginda egongo dira. Filmen gaia Eusko Label sailaren xedeekin lotuta egon beharko da; izan ere, Euskadiko landa-inguruneak, kostaldeak eta lehen sektoreak hiri-gizarteari egiten dion ekarpenari buruzko mezu positiboak zabaltzeko asmoa du.

Zinemaldiaren Hautespen Batzordeak dozena erdi film labur aukeratuko ditu aurkeztutako guztien artean, eta adituz osatutako epaimahai batek erabakiko ditu Eusko Label bi sarien irabazleak. Lehenak 6.000 euro eskuratuko ditu eta bigarrenak, 4.000 euro. Bi film garaileak Zinemaldian emango dira, eta sariak amaierako galan banatuko zaizkie.

Lehiaketaz kanpo

Lehiazko sei lanez gain, Eusko Label sailak aurten Donostia Zinemaldiak ekoitzitako bost film labur izango ditu, HAZIren balioak sustatzeko euskal esparruko bost zinemagileri aginduko dizkienak. Zinemaldia film labur horien eskubideen jabe izango da, eta Estatuan eta nazioartean zabalduko ditu, Eusko Label ekimena Euskaditik kanpo ere jakinarazteko.

Donostia Zinemaldiak Euskadiko lehen sektorearekin eta jasangarritasunarekin daukan konpromisoaren parte da Eusko Label. Horren bidez, karbono-aztarna txikitzeko askotariko neurriak hartu dira, baita ingurumenaz dibulgatzeko eta kontzientziatzeko ere, esaterako, Agenda 2030 Euskadi Basque Country Saria ekimenekin batera.


  • Epea 2024(e)ko Maiatzak 10(e)tik 2024(e)ko Ekainak 17(e)ra
  • EntitateaDonostia Zinemaldia, HAZI
  • Deialdi-motaSariak eta lehiaketak
  • SektoreaIkus-entzunezkoa
  • JardueraSorkuntza

Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.