Artium Museoak "Néstor Basterretxea. Artxiboa" erakusketa aurkeztu du artistaren jaiotzaren mendeurrenean
- Basterretxea Irurzun familiak 2023an Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoari dohaintzan emandako artxibo pertsonaleko dokumentu sorta bat biltzen du erakusketak
- Néstor Basterretxea. Archivo erakusketan zirriborroak, oharrak, proiektu zinematografikoak, eskultura publikoenak, diseinu industrial eta grafikoenak eta artistaren proposamen arkitektonikoak daude ikusgai, besteak beste
- XX. mendearen erdialdetik gaur egunera arte Euskal Herrian izandako praktika artistikoei buruzko dokumentu-funtsetatik abiatuta memoria ikertu eta zaintzeko Artium Museoaren proiektuaren barruan kokatzen da erakusketa
- Inaugurazioarekin bat eginez, Basterretxearen mendeurrenaren web orriarekin haren artxibo pertsonalari eskainitako atala ireki da
Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Néstor Basterretxea. Artxiboa erakusketa aurkeztu du (Z aretoa, 2024ko irailaren 22ra arte). Basterretxea Irurzun familiak 2023an Artium Museoari dohaintzan emandako artxibo pertsonal marduleko dokumentu sorta bat biltzen du erakusketak —zirriborroak, oharrak, proiektu zinematografikoak, eskultura publikoen eta diseinu industrial eta grafikoen proiektuak eta proposamen arkitektonikoak, besteak beste— zeinaren katalogazio eta kontserbazioan museoak lan sakona egin duen. Elena Roserasek eta Beatriz Herráezek komisariatu dute erakusketa, Matias Fajn-en laguntzarekin. Artium Museoak liburu bat argitaratu du Elena Roserasen eta Matias Fajn-en testuekin, eta Peio Aguirre arte kritikari eta komisario independenteak mendeurrenaren ospakizuna dela eta egindako biografia batekin. Inaugurazioaren aurretik, Néstor Basterretxea y la imagen ikus-entzunezkoa proiektatuko da eta Peio Aguirrek, Oteiza Museoaren zuzendariorde Juan Pablo Huércanosek eta Punto de Vista Jaialdiaren zuzendari Manuel Asínek, solasaldi bat izango dute. Inaugurazio hori dela eta, Basterretxearen jaiotzaren mendeurrenaren inguruan sortutako webgunean artistaren artxibo pertsonalari eskainitako atala ere aurkeztuko da. Webgune horretan, familiak Artium Museoari emandako dokumentu-funtsa kontsulta daiteke.
Erakusketa hau Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa-Artium Museoa murgilduta dagoen memoria ikertzeko eta zaintzeko proiektu baten emaitza da, XX. mendearen erdialdetik gaur egunera arte Euskal Herriaren testuinguruan garatutako praktika artistikoekin zerikusia duten artxibo eta funts dokumentaletan oinarritua. Nestor Basterretxearen (Bermeo, 1924 – Hondarribia, 2014) ondare dokumentala, Basterretxea Irurzun familiak emana, funtsezko pieza da proiektu honetan, Euskadin XX. eta XXI. mendeetan garatutako praktika artistikoak ulertzen eta testuinguruan kokatzen laguntzen baitu.
Artxibo honek hainbat material biltzen ditu, hala nola gutunak, zirriborroak, marrazkiak eta prentsa-ebakinak, eta artistaren beraren oharrak eta idatziak. Material horiek aztertzea, antolatzea, deskribatzea, digitalizatzea eta testuinguruan kokatzea lagungarria da arte-ezagutza zaintzeko eta aberasteko, baita artista bere testuinguru historiko eta kulturalean kokatzen duten narratibak eraikitzeko ere. Artxibo horien eskuragarritasuna eta zabalkundea funtsezko oinarriak dira ondare dokumental baliotsu hori komunitate artistikoarekin eta, oro har, gizartearekin partekatzeko.


