Bilbao BBK Live jaialdiaren "Hirian" ekimenari esker musika izango da nagusi Errekaldeko kaleetan ekainaren 1ean
- Carlangas y Los Cubatas, Dillom, Alice Wonder, Putilatex, Doctor Explosión eta beste hainbatekin batera 18 artista arituko dira, guztira, jai-giroan eta doan
Hirian ekimenaren seigarren edizioa Bilbora dator berriro, eta oraingoan hiriko auzo berezienetako baten txanda izango da, Errekaldeko kaleetan barrena izango baitugu zuzeneko musika ekainaren 1ean, larunbatean. Bilbao BBK Live jaialdian ohiko bihurtu den aperitif urbanoak kultura eta aniztasuna eramaten ditu urtero Bilboko auzo batera; Bilbo Zaharra, Deustu, Santutxu eta Basurturen ostean, oraingo honetan Errekalderen txanda izango da. Hirian ekimenari esker, auzoko kale eta plazak jai-giroan murgilduko dira egun batez, abangoardiako musika-programazio eklektikoa eskainita, gustu guztietarako modukoa eta doan.
Musikari garaikideak ikusi ahal izango ditugu agertoki gainean. Novedades Carminha taldeko lider izan zena proiektu berriarekin dator, Carlangas y Los Cubatas, disco eta rock estiloak hirurogeiko hamarkadako ukituekin nahastuta; ziur oraingoan ere aho bete hortz utziko gaituela. Dillom rapero argentinarrak disko kontzeptual bat kaleratu berri du eta, infernura jaisten dela dirudien arren, laudorio-hitzak baino ez ditu jaso lanagatik. Alice Wonder abeslari eta konpositore madrildarra musikan gertatu den belaunaldi-aldaketaren adierazgarri bikaina da, eta heldutasun-maila nabarmena sumatzen zaio abesti bakoitzean. Putilatex taldeak "Albaceteko elektro-punk taldetzat" definitzen du bere burua; agertoki gainean bi hamarkadako ibilbidea egin ostean, zalantzarik gabe, show ikusgarria eta sekulako festa eskainiko dizkigute. Garage-rock psikodelikoa egiten duen Doctor Explosión taldea beti izan da deigarria eta, are gehiago, Julio Iglesiasen Soy un truhán, soy un señor abestiaren bertsioarekin mundu guztia limurtu zutenetik.


