Bost zuzendarik bisitatuko dute Tabakalerako zinea maiatzean, euren filmak aurkezteko
Artista eta zuzendari ezagunak protagonista izango dituzten lau saio programatu dira Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren zinean maiatzean zehar. Datozen asteetan, June Crespok eta Maddi Barberrek, Mònica Cambrak, Andrea Jaurrietak eta María Jerezek euren lanak partekatuko dituzte publikoarekin, eta beren lan egiteko moduei buruz gehiago jakiteko eta bakoitzaren ikuspegi sortzaileak ezagutzeko aukera emango diete ikusleei.
Zinearen eta arte garaikidearen arteko gurutzaketa
Gero eta ohikoagoa da filmak erakusketa-aretoetan edo ikus-entzunezko piezak zinema-areto batean ikustea, eta baita bi diziplinen arteko bat-egitearen emaitzak topatzea ere. Zinearen eta arte garaikidearen arteko gurutzaketa horretatik sortu zen Tabakalerako "Erakusketarekin elkarrizketak" zikloa. Maiatzean bi saio izango dira, zentroan ikusgai dauden bi erakusketen inguruan: Larruak eta izurrak areto nagusian eta Situ-akzioak. Maria Jerez. Herri bat behar da mendi bat altxaltzeko bigarren erakusketa-aretoan.
Maiatzaren 9an, ostegunean, "Larruak eta izurrak erakusketarekin elkarrizketak" saioan, June Crespo artistak, Maddi Barber zinegilearekin batera, Core dokumentala aurkeztuko du. Film labur hau erakusketa-aretoan ikusgai dagoen Core piezaren ingurukoa da. Materialaren eraldaketa erregistratzen du hainbat egoeraren bidez, eta itxuraz desberdinak diren bi prozesu elkartzen ditu: giza eskuek zementuzko eskulturak manipulatzea eta harriak harrobi batean erauztea eta eraldatzea. Konbergentzia horrek bi hizkuntza desberdinen arteko topaketa eta tirabira adierazten du: lengoaia eskultorikoa eta zinematografikoa. Saio berean, Nancy Holten Sun tunnels (1978) proiektatuko da. Ingurune naturalaren eta giza esku-hartzeen arteko elkarrekintza atzematen duen obra. Irudi poetikoen bidez, paisaiaren eta giza pertzepzioaren arteko harremanari buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu Holtek. Crespok eta Barberrek proiekzioen ondorengo solasaldian parte hartuko dute.
Maiatzaren 30ean, "Situ-akzioak. Herri bat behar da mendi bat altxatzeko" erakusketa egiteko gonbidatua izan den María Jerez artista eta zinemagilea izango da Tabakalerako zinean María va a a la escuela (2017) filma aurkezteko. Obra honetan, Kortrijkeko (Belgika) V-tex eskolako haurrek nederlandera irakasten diote María Jerezi. Rol-aldaketa baten bidez, dokumentalak eskola-testuinguruko botere-dinamikak aztertzen ditu, hezkuntza-politikak zalantzan jarriz eta ikaskuntzaren eta zaurgarritasunaren arteko harremana aztertuz. Irakatsi eta ikasteko prozesuari buruzko gogoeta poetikoa da.
Errealizadoreekin solasaldiak
Tabakaleraren helburuetako bat zinegileak eta ikusleak elkarrengana hurbiltzea da, eta "Kontatutako zinea" bezalako proiektuei esker lortzen du hori. Proiektu horrek elkargune bat proposatzen du zuzendariek zinema-aretoan beren filmak sortzeko prozesuari buruz hitz egin dezaten.
Maiatzaren 18an, Mònica Cambra zuzendari eta muntatzaileak Un sol radiant (2023) bere azken lana aurkeztuko du Tabakaleran. Ariadna Fortunyrekin batera egina eta kritikak goraipatua izan den lana da, Estatuko eta nazioarteko zinema jaialdietan saritua. Filmak munduaren amaiera baino lehenagoko azken egunei aurre egiten dien familia baten istorioa kontatzen du. 2024ko Malagako Zinemaldian Kritikaren Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen. Film honek familia baten intimitatean murgiltzen gaitu, apokalipsiaren saihestezintasunari aurre egiten dioten bitartean. Neskato baten begietatik, gai unibertsalak aztertzen ditu, hala nola maitasuna, galera eta itxaropena krisi garaietan.
Andrea Jaurrietak Kontatutako zinea zikloan parte hartuko du maiatzaren 25ean, Nina bere bigarren film luzearekin. Filma maiatzaren 10ean estreinatuko da zinema-aretoetan, eta Malagako Zinemaldiaren azken edizioaren parte izan zen. Bertan, Kritika Epaimahaiaren Zilarrezko Biznaga Sari Berezia jaso zuen. Ninak munduan bere lekua aurkitzeko borrokan ari den neska gazte baten erretratu intimoa aurkezten digu. Begientzat liluragarria den narratiba baten bidez, Jaurrietak identitateari, desioari eta bizitzan esanahia bilatzeari buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu.
Saio guztiak 19:00etan hasiko dira eta sarrerak eskuragarri daude Tabakaleraren webgunean.


