Jasone Osoro: «Arrakasta polisemikoa da, malgua eta lorgarria»
- Elgoibartar idazleak Arrakasta saiakera kaleratu du, arrakastaren kontzeptuari eta horrekin lotutako hainbat hari muturri buruzko gogoeten bilduma
"Zer da arrakasta?". Galdera horretatik tiraka, Jasone Osoro Igartua idazleak (Elgoibar, 1971) Arrakasta saiakera (Elkar, 2023) idatzi du, eta hiru iturburutara jo du nagusienik lantegi hori burutzeko: idazle ibilbide oparoan metatutako esperientziak, denetariko adituek (Friedrich Hegel, Uxue Alberdi, Epikuro, Christina Rosenvinge, Xabi Payá, Simone Biles, Clara Peeters, Zygmun Bauman, Leire Bilbao, Walt Diseny, Dora Salazar…) han-hor-hemen gaiari buruz esandakoak eta arrakastaren harian balantzan ibili diren eta ibiltzen diren hamaika pertsonaren buruz buruko lekukotasunak.
Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoa; Eneko Atxa sukaldaria; Izaro Andres musikaria; Harkaitz Cano idazlea; Eva Domingo eta Maider Egues kazetariak; Jon Garaño zinemagilea; Aizpea Goenaga aktore, zuzendari, idazle eta kultur kudeatzailea; Markel Irizar ziklista ohia; Itziar Ituño aktorea; eta Gorka Urbizu musikaria elkarrizketatu ditu Osorok, arrakastaz hausnartzeko eta, hortik abiatuta, aliantzez, kritikez, sabaiez, sormenaz eta porrotaz hitz egiteko, besteak beste.
Eitb.eus ariketa bertsua egiten saiatu da, bere neurrian, Jasoneren prestasuna baliatuta.
Geure Gelatik liburu azokaren saria jaso berri duzu, Azkoitian, zure ibilbide osoagatik, eta Mariasun Landak eman dizu oroigarria, gainera. Zorionak! Hori ere bada arrakasta, ezta?
Egindako lanarengatik aitortza jasotzea eta, gainera, Mariasun Landaren eskutik izatea une arrakastatsua da, noski. Han ziren, gainera, nik maite ditudan eta maite nauten pertsona asko, eta hori guztia da arrakasta niretzat.
Nik behintzat hala bizi izan nuen, emozioz, urduri eta pozarren.


