Jone Arriola, "Dena asmatuta dago" film laburraren zuzendaria: «Askotan ezkutuan geratzen diren kontuak edota gazteen barreneko beldur edo gatazkak modu zuzenean eta puruan erakutsi nahi izaten ditut»

  • Jone Arriola, "Dena asmatuta dago" film laburraren zuzendaria: «Askotan ezkutuan geratzen diren kontuak edota gazteen barreneko beldur edo gatazkak modu zuzenean eta puruan erakutsi nahi izaten ditut»

Dena asmatuta dagoela dioen usteari aurre eginez, eta bi urteko lanaren ondoren, bi gazteren arteko harremana izenik ez duen harremana ardatz duen film laburra estreinatu zuen Jone Arriolak iaz ZINEBIN, berriki Laburbira zirkuituan parte hartzeko hautatu dutena. Komunikazioaren garrantziaz, eguneroko kontu "txikiak" zinemaren bidez azaleratzeaz, Dena asmatuta dagoren grabaketa-prozesuaz, orain arte egindako bideaz eta etorkizuneko proiektuez hitz egin dugu berarekin.


Martinek filmaren hasieran dio: "Lur, guk ezin dugu ezer asmatu. Munduko ideiarik originalena eduki dugula pentsatu arren, ez da erreala. Ez da originala". Eta, hala ere, zuk film labur bat egitea erabaki zenuen. Beraz, dena ez zegoen asmatuta edo ez, behintzat, kontatuta. Zer kontatu nahi zenuen? Zergatik?

Klaseetan irakasle bati baino gehiagori entzun izan diot esaten dena asmatuta dagoela eta zaila dela berritzaileak izatea. Baina ikasi dut garrantzitsuena istorio baten atzean dagoen motibazioa, ikuspuntua eta kontatzeko-modua dela eta horrek egiten duela istorio bat ezberdin. Hortaz, istorio-mota guztiak asmatuta badaude ere, beti dago bakoitzak emango dion berezitasuna, eta abiapuntu horretatik sortzen da niretzat dena asmatuta egotearen kuriositatea.

Istorio honen abiapuntua bi gazteren inguruko harremana da. Izenik ez duen harreman bat. Kuriosoa iruditzen zitzaidan izenik gabeko harreman horri dena asmatuta egotearen kontzeptua gehitzea. Izan ere, izenik ez duena ez dela existitzen diote batzuek. Baina askotan, nahiz eta izenik ez izan, badaude existitzen diren egoerak, objektu edo elementu batetik haratago; kasu honetan, harreman bati buruz ari gara hitz egiten.

Interesgarria zen niretzat izenik ez zuen zerbaiten inguruan hausnartzea eta mahaigaineratzea ea horren garrantzitsua den izena. Istorioa aurrera joan ahala, konturatzen gara batzuetan harremanari izenik jarri ezin badiogu, garrantzitsuagoa dela biren arteko komunikazioa existitzea. Komunikazio sano bat dagoen bitartean, izenen kontua bigarren maila batean gelditzen da.


Komun arrosa batean daude Lur (Xanti Agirrezabala) eta Martin (Jon Ander Urresti) protagonistak, bainuontzi arrosa batean, porro bat erretzen eta musika lagun dutela. Zergatik dekoratu hori sortzeko hautu estetikoa? Pertsonaiak kanpotik eta barrutik biluztea bilatzen zenuen? Nolakoa izan zen grabaketa?

Istorioak sortzean konturatu naiz espazioa izaten dela niretzat abiapuntua. Beti saiatzen naiz istorioaren gaia eta espazioak harreman estua eduki dezaten. Kasu honetan, argi nuen bainugela bat nahi nuela. Bainugelak gune pribatu eta txikiak izaten dira. Giltzapetu gaitezkeen zein biluzten garen espazioa. Interesgarria zen niretzat bikotea bainugelaren barruan kokatzea edo, zehatzago izateko, bainuontziaren barruan. Biluzik elkarrekin partekatzen duten espazio txikia da. Gorputz biluztuak badira pertsonaiak puru edo ezkutatzeko elementurik gabe irudikatzeko modu bat. Nik pertsonaiak modu erreal batean irudikatu nahi nituen, bainugelatik irteteko aukerarik gabe "Zer gara?" galderaren erantzuna bai ala bai bainugela horren barruan ateratzeko aitzakiarekin.

Bi eguneko grabaketa izan zen, eta lantalde txiki bat izan ginen. Film labur nahiko intimoa zela kontuan hartuta, oso garrantzitsua zen guretzat aktoreak eroso sentitzea jendearen aurrean. Bainugela eraikitzeko aukera izan genuen Bilboko Zine Eskola (ECPV) barruan, eta horrek erraztasun handiak eman zizkigun grabaketan, kamera-mugimenduen aldetik zein espazioaren aldetik.


Gauza askoren inguruan iritzi ezberdinak dituzte protagonistek: beraien artekoaren erritmoaz, dena elkarri kontatzeko beharraz… "Gure hau, zer da?" galdetzen du batek. "Zer izen dauka gure artekoak"? Bestearen erantzuna: "Derrigorra da izena?". Gauza guztiek behar dute etiketa, izena?

Interesgarria iruditzen zait iritzi kontrajarriak mahaigaineratzea eta irtenbidea nola aurkitzen dioten ikustea. Edozein harreman-motatan oso normala izan daiteke bakoitzak iritzi ezberdina izatea, eta hor bi aukera daude: gatazka-puntu horri buruz hitz egitea edo paso egitea. Istorio honetan, nik komunikazioaren alde egin nahi dut, eta, horrenbestez, gure pertsonaiek ez dute beste aukerarik hitz egitea baino. Baina argi dago askotan zaila dela gai gatazkatsu edo deserosoen inguruan hitz egitea, eta komunikazioa ez da beti horren erraza izaten. Horregatik, istorioak baditu bere gorabeherak elkarren arteko komunikazio horretan, baina garrantzitsuena da hitz egin dutela edo hitz egiten saiatu direla.

Etiketen kontuan, uste dut pertsona batzuek beste batzuek baino behar gehiago izan dezaketela zerbaiti izen bat ipintzeko garaian, eta guztiz errespetagarriak dira bakoitzaren beharrak. Azkenean, harremanetan, bestearen beharrak entzun behar dira bien arteko oreka aurkitzeko. Hortaz, niretzat denari etiketa jartzea beharrezkoa ez den arren, horrek funtzionatzeko, harremana sano mantentzeko, oinarrian komunikazioa egon behar dela uste dut.


Era horretako elkarrizketa intimoak –eta deserosoak– ez dira maiz ikusten pantaila handian. Eguneroko kontu "txiki" horiek dira bereziki interesatzen zaizkizunak?

Uste dut gaur egun ikus-entzunezkoak asko aldatu direla, eta errealitatearekin antzekotasunak dituen gero eta fikzio gehiago ikusten dugu. Niri gure egunerokotasunean zein errealitatean gertatzen diren egoerak pantailaratzea gustatzen zait. Askotan ezkutuan gelditzen diren kontuak edota gazteen barrenean dauden beldur edo gatazkak modu zuzenean eta puruan erakutsi nahi izaten ditut. Ni gaztea izanda, batez ere gazteen kontuak kontatzea izaten da nire motibazioa. Bai gertu sentitzen dudalako, eta bai istorio horiek lehen pertsonan kontatuta errealistagoak izan daitezkeelako. Gazteek gazteentzat egindako istorioak.

Bestalde, esan beharra daukat istorio horiek euskaraz kontatzea niretzat motibazio izugarria dela. Uste dut euskarazko edukiak sortzen jarraitu behar dugula gure gizartea irudikatzeko eta jendearengana gerturatzeko. Geroz eta gaztelaniazko eduki gehiago dago, erreferente ia guztiak gaztelaniazko film eta telesailak izaten dira, eta, oraindik ere, hutsune handia dago betetzeko euskarazko edukietan. Beraz, era honetako proiektu txkiekin bada ere, polita da hutsune hori pixka bat betetzea.


Dena argi izan zenuen hasieratik? Ala prozesuak aurrera egin ahala aldaketak izan dira? Amaieran, postprodukzio-lan handia egon da?

Proiektu honek bi urteko aurreprodukzioa izan du. 22 urterekin idatzi nuen gidoiaren lehen bertsioa, eta 24 urte nituela egin genuen grabaketa. Hortaz, bi urte horietan aldaketa asko egon diren bezala, istorioak ere aldaketak izan ditu, nire pentsatzeko modua edo istorioaren motibazioa aldatu egin delako. Zorte handia izan dut ibilbide honetan hainbat profesionalekin elkartzeko aukera izan dudalako eta sormen-laborategietan parte hartu dudalako. Horrek guztiak istorioa gorpuzteko eta mami guztia ateratzeko aukera eman dit. Xantiren eta Jon Anderren eskuetara iritsi zenean ere, istorioak aldaketak izan zituen. Oso garrantzitsua zen niretzat beraiek eroso sentitzea eta beraientzat sinesgarria izatea istorioan gertatzen zena. Hortaz, grabaketa baino lehen, hiruron artean landu genuen gidoia, eta horrek azken emaitzari asko lagundu diola iruditzen zait.

Postprodukzioa oso polita izan da, muntatzailearekin aurrez aurre lan egin dudalako eta nahiko modu errazean lortu genuelako azken emaitza. Soinuaren eta musikaren prozesua ere ederra izan da. Diseinu sonoroak bazuen bere erronka, espazio huts bati soinua eta atmosfera bat sortzekoa. Musikaren sorkuntzak istorioa osatu du; izan ere, hasiera bat eta amaiera bat eman dizkio, eta, bukatzeko, irudiaren koloreak berezitasuna ematen dio filmari. Arrosa izateaz gain, kutsu zaharkitua era badu, eta estetikarekin ere oso pozik gelditu gara.


2022an Azpeitiko Udalaren Sormen Beka jaso zenuen. Zertan lagundu zizun? Nolakoa da, oro har, zinemagintzan lehen urratsak egitea?

Oso pozik gaude Sormen Beka bezalako laguntzetan parte hartzeko aukera izateagatik. Espazio bat eman digutelako, besteak beste, eta oso garrantzitsua izan da hori guretzat; izan ere, hasiberriak izanda, oso zaila izaten da entseguetarako espazioak aurkitzea, castinga edota bilerak egiteko. Azkenean, laguntza behar duzunean baina nora jo ez dakizunean, horrelako espazioek aukera ematen dute pixka bat babestuago sentitzeko.

Dena asmatuta dago bezalako proiektu txikiak modu duin batean aurrera eramatea oso zaila da. Batez ere hasiberria bazara. Askotan, frustrazio handia eragiten du baliabide faltagatik aurrera egin ezinda ibiltzeak, eta horrelako laguntzak edota zinema laborategiak ezinbestekoak dira guretzat. Jendea ezagutzeko eta ikasteko aukera ematen dutelako eta, poliki-poliki, proiektua aurrera egiten hasten delako.


ZINEBIn estreinatu zenuen filma iaz, "Bertoko begiradak" sailean. Berriki, gainera, Laburbira zirkuiturako hautatu dute, eta horrek udalerri askotara eramango du. Nola jaso dute ikusleek? Zer komentatu dizute? Zeuri zer iruditu zitzaizun bukatuta ikusi zenuenean? Pozik geratu zara emaitzarekin?

Ilusio handia egin digu film laburra ZINEBIn estreinatu izanak eta Laburbira bezalako zirkuituetan parte hartzeko aukera izateak. Oso harrituta gaude; izan ere, iritzi oso positiboak jaso ditugu orain arte, eta horrek asko pozten gaitu. Beldurra ematen du ezkutuan gordeta duzun film bat bat-batean pertsona ezezagunen aurrean erakusteak, eta ni oso urduri nengoen hasieran. Azkenean, urteak izan dira proiektu honekin esku artean, eta bat-batean jendeak pantaila handian ikusteko aukera izateak inpresio handia egiten du. Bai ekoiztetxea (Katz Estudio), bai ni oso pozik gelditu gara emaitzarekin, eta, jendearen iritziak entzun eta gero, oraindik pozago. Uste dut emozio eta poztasun hori dela esfortzu horren guztiaren ordainsaria.


Larrugorritan telesaila, Dena asmatuta dago film laburra… Bidea egiten ari zara. Aurrera begira, baduzu ezer esku artean? Nondik nora jo nahiko zenuke?

Bi proiektu horiekin nire ibilbide profesional txikia hastea izugarria izan da, asko ikasi dudalako bietatik eta erakutsi didalako euskarazko fikzioa dela ni gehien betetzen nauena. Etorkizunera begira, bide honetatik jarraitzea gustatuko litzaidake, ahal den neurrian. Istorioak idazten jarraitzea da nire helburua.

Proiektu berrien inguruan, Bartzelonan izan naiz azken urte honetan ikasten, eta film labur txiki bat grabatzeko aukera izan dut, Hor Konpon deiturikoa. Oraindik postprodukzio-fasean dago, eta, zortea badugu, asko gustatuko litzaiguke uneren batean pantailaren batean ikusteko aukera izatea.


(2024ko martxoaren 27an argitaratutako Berezia)