Beñat Arrutik irabazi du Donostia Kultura VII. Poesia Lehiaketa
Poesialdia egitarauaren barnean, gaur martxoak 21, Poesiaren Munduko egunean, Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren zazpigarren edizioaren sari banaketa egin da Liburutegi Nagusiko Mandas Dukearen aretoan.
Poesia lehiaketa hau, Donostia Kultura eta Balea Zuria argitaletxeak elkarlanean burutua, euskarazko poesia zabaldu eta 35 urte bete gabe dituzten idazle gazteen lanari bultzada emateko asmoz sortua izan zen.
Aurtengo saritua Beñat Arruti Irigoien (Zarautz 1999) da, Arkeologia haragitan lanagatik. Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) burutu zituen Psikologia ikasketak, Bartzelonara "Ikerketa eta Esku-hartze Psikosozialeko Masterra" egitera joan aurretik. Egun, adimen urritasuna duten pertsonekin dihardu lanean, Zarauzko eguneko zentro batean. Hauxe izango da argitaratzen duen lehen literatura lana.
Epaimahaikideek (Itxaro Borda, Aritz Gorrotxategi eta Eli Tolaretxipi) balorazio hau egin dute: "Aipuz eta irakurketaz ondo hornitua dator, eta trebeki uztartzen du gogoeta eta hizkuntzaren distira. Berezko erritmo eta musika darie poemei, aise irristatzen dira irakurlearen belarrietan, eta lan handia dago doitze horren atzetik. Lan orekatua eta koherentea da oro har, estilo eta tonu aldetik batasun handikoa. Ezleku kontzeptua lantzen du hainbat poematan, gainbehera eta maitasuna, poesiari eta hizkuntzari buruzko kezkak... Askotariko paisaia eta giroak uztartzen doa, barnekoak zein kanpokoak, naturaren ingurukoak zein urbanoak. Hizkera hanpaturik gabe egiten du aurrera, leun baina zorrotz, argitasunez, eta, aldi berean, alde ilunen arrakalak bilatuz".
Aurtengo edizioan oso maila altua egon da. Lan irabazle bat aukeratu da, baina oso gertu egon dira beste bi lan hauek: Ahizpa beltza eta Hiria, diglosia, bakardadea.
Poesia lehiaketa honen sari ekonomikoa 1000 eurokoa da; horretaz gain Imanol Larrinagaren margolan bat oparitu zaio eta Balea Zuria argitaletxeak idazlana argitaratuko du. Azkenik, ekainean egingo den Poesia eta Pentsamendua saioan poemak errezitatu ahal izango ditu.


