Getxoko kultura-elkarteei 2024. urtean urteko dirulaguntzak emateko deialdia

  • Getxoko kultura-elkarteei 2024. urtean urteko dirulaguntzak emateko deialdia

Getxok bertoko kultura-elkarteentzako urteroko dirulaguntzen deialdiaren edizio berri bat jarri du abian. Ekimen horren helburua udalerriko kultura-lana sustatzea da, talde horien kultura-jarduerak eragindako gastuak finantzatuz. Gehienez 154.000 euroko partida izango du deialdiak, eta elkarte interesdunek martxoaren 16tik apirilaren 15era bitartean aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak.

Laguntzak 2024an garatuko diren elkarteen ohiko jarduera-programa osatzen duten ekintzak babestu eta bultzatzeko dira. Getxoko udalerrian egoitza soziala duten irabazi asmorik gabeko kultura-elkarteek parte hartu ahal izango dute deialdi honetan, baldin eta Getxoko Erakundeen Udal Erregistroan eta Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistroan inskribatuta badaude.

Azken urteetan egin ohi den bezala, eskabideak bide telematikoz aurkeztu beharko dira Getxoko Administrazio Elektronikoaren Bulegoan. Eskabideak jaso ondoren, kultura-etxeko teknikariek balioetsiko dituzte, irizpide hauen arabera: kultura-proiektuen kalitatea eta interesa udalerriari dagokionez, proiektu horien bideragarritasun ekonomikoa, euskararen erabilera, berdintasuna, kulturartekotasuna eta integrazio soziokulturala, besteak beste.

Deialdiari buruzko informazio osoa: www.getxo.eus/kulturadeialdiak.

Deialdiaren ebazpena eskabideak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabetera jakinaraziko da. Hautatutako elkarteek aurkeztutako proiektuak gauzatzeko betebeharra izango dute. Proiektu horiek jarduera justifikatzeko memoria eta jarduera horren diru-sarreren eta gastuen balantze baten bitartez zehaztu beharko dira. 36.000 euroko edo gehiagoko dirulaguntzen kasuan, sortutako gastu guztien jatorrizko egiaztagiriak aurkeztu beharko dira. Zenbateko horretatik beherako dirulaguntzen kasuan, jardueraren gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatu bat ere aurkeztu beharko da. Nolanahi ere, gastuen justifikazioa aurkeztu beharko da, emandako laguntzaren % 10ekoa gutxienez. Agiri horiek aurkezteko epea 2025eko urtarrilaren 31n amaituko da.

Formakuntza-saioak

Plataforma elektronikoaren bidez izena emateko prozesua errazteko, kultura-etxeak lau formakuntza-saio antolatuko ditu martxoaren 18an, 20an, 25ean eta 26an Romoko eta Algortako kultura-etxeetan. Horietan eskabideak aurkezteko prozedura zehaztuko da eta zalantzak argituko dira. Bertaratzeko, beharrezkoa da 94 466 00 22 telefonora deitzea, eta IZENPEren euskarri informatikoarekin eta gakoarekin joan ahal izango zara eskaera hasteko.

www.getxo.eus

  • Epea 2024(e)ko Martxoak 16(e)tik 2024(e)ko Apirilak 15(e)ra
  • EntitateaGetxoko Udala
  • Deialdi-motaDirulaguntzak
  • SektoreaSektore anitz
  • JardueraKudeaketa eta kudeaketarako laguntza

Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.