The Mummies, Les Greene eta Los Sírex, Azkena Rock Festivaleko Trashville gunean
Ekainaren 20an, 21ean eta 22an egingo da Gasteizen, Mendizabalan, 2024ko Azkena Rock Festival jaialdia. Gaur, Trashvilleko programazioa aurkeztu dute.
Aurten Trashville guneko kartelburuetako bat The Mummies taldea da, Kaliforniatik, behe-fidelitateko soinu gordinak biltzen dituen ikuskizun kaotiko batekin; 90eko hamarkadako garaje punk musikan eragin handia izatera iritsi ziren. Beste kartelburu bat Les Greene da, Elvis (2022) filmean Little Richarden ahotsa egiteagatik Grammy sarietarako hautagai izendatu zuten artista eta, zalantzarik gabe, gaur egun entzun dezakegun ahotsik harrigarrienetako bat; 60ko hamarkadako soinuak ekarriko dizkigu gogora, soul, funk eta R&B estiloak nahastuta. Eta azkenik, 1959. urtean sortutako Los Sírex taldea, Espainiako rockaren historian betiko grabatuta geratu den "Si yo tuviera una escoba" ereserkiaren egileak.
Azkena Rock Festival jaialdiak iraungo duen hiru egunetan honako artista hauek ere igaroko dira Trashvilleko karpa nagusitik: Jo Carley and The Old Dry Skulls, vodevil ukitu ikaragarriarekin, Ghalia Volt talentu handiko artista belgikarra, blues eta rock estiloekiko grina azaleratzen duena bere ahots berezi-bereziarekin abesten duenean, gitarra lagun; The Bank Robbers, The Nitemares garaiak gogora ekarriz, Marcos Sendarrubias eta Isaac González berriro elkartu dituen rockabilly proiektua; eta Tiburona madrildarren power hirukotearen riff kutsakorrak, espiritu bizi-bizia, itzulingururik gabeko diskurtsoa.
Gorila amorratuen maskarak jantzita etorriko dira The Kongsmen, Bartzelonako musikari bikain eta eskarmentudunek osatutako R&B konboa, jantzirik onenaren saria irabazteko Funtasmas zirraragarrien izara zulatuekin lehian. B serieko beldurrezko film batetik ateratako diskurtsoarekin eta amerikar folkloreko instrumentu tradizionalak erabiliz, Old Time Spooks taldeak hankaz gora jarriko du Trashville, baita Ukelele Joe & Sus Hula Shakers taldekoek ere, punk rock, garaje eta surf musikak erritmo bizi-biziekin nahastean.
Gaua egunsentira arte luzatzen da Trashvillen DJ bikainen trebetasunari esker, musika-aukeraketa onena merezi duen publiko nekaezinaren gozagarri. Aurten, Juan de Pablos y sus alumnos Runaway proiektuak hartu du ardura hori bere gain, Radio 3 irratiko esatari mitikoak The Runaway Lovers bilbotarrekin egin duen aliantza epikoak; Foroazkenarock DJs ere arituko da horretan, foroaren sortzaileen eskutik, Estatuko rock-panoramako fororik zaharrenak eta bakarrak 20 urte betetzen dituela ospatzeko; eta Clara Lobo aka DJ Wolf Azkenako podcastaren aurkezleak hitak bata bestearen atzetik jarriko ditu, musika-hautatzailearen lanak eginez. Jaialdiko DJen zerrenda ixteko, Pep Tones, Iker Discofagia, La Guerrero, Eloy R.B, Mr. Lobo eta AK Pintxadiskos aipatzea falta da.


