Punto de Vista jaialdiaren azken xehetasunak lotuta, Iruñean martxoaren 11tik 16ra izanen den hemezortzigarren ediziorako

  • Punto de Vista jaialdiaren azken xehetasunak lotuta, Iruñean martxoaren 11tik 16ra izanen den hemezortzigarren ediziorako

  • Aste osoan 80 bat film ikusteko aukera izanen da programatutako 65 saioetan, eta zinemagileekin solasaldiak, tailerrak, musika edo familientzako zinema-saioak ere izanen dira

Punto de Vista, Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdia, Nafarroako Gobernuak sustatzen du eta NICDO sozietate publikoak antolatzen du, eta gaur goizean aurkeztu dute jaialdiaren hemezortzigarren edizioa. Aurkezpenean izan dira Rebeca Esnaola —Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo kontseilaria—, Manuel Asín —Punto de Vista jaialdiaren zuzendari artistikoa— eta Teresa Morales de Álava —Punto de Vistako zuzendari exekutiboa—. Jaialdiak hainbat egoitza izanen ditu Iruñean bertan, martxoaren 11tik 16ra.

Sarrera orokorrak salgai daude jada www.puntodevistafestival.com webgunean. Baluarteko leihatilan ere eros daitezke, jaialdiaren egoitza nagusia den aldetik, eta beste leihatila bat jarriko da atondoan, Punto de Vista jaialdiak irauten duen aste osoan. Sarreraren prezioa 3 euro izanen da, oro har, emanaldi bakoitzeko, eta zenbait saio doan izanen dira. Sei egunez, hiriko eta inguruko zinemazaleak zinemagileekin eta arloko profesionalekin egoteko aukera izanen dute, Espainia osotik etorritako zinemagintzako ikasleekin batera.

Punto de Vista 2024 jaialdiaren zifra garrantzitsuenak

— Jaialdi osoan, guztira, 65 saio antolatuko dira, izan proiekzioak, izan bestelako jarduerak.

— 80 film inguru proiektatuko dira sail guztietan. 

— Programazioa 6 atal nagusitan antolatzen da: Sail ofiziala, Fokuak, Lan, Kontaktuak, X Films eta Bitartekaritza-programa.

— Sail ofizialean 15 herrialdetako 23 film izanen dira ikusgai: Argentina, Belgika, Bosnia eta Herzegovina, Kanada, Kolonbia, Hego Korea, Kuba, Danimarka, Espainia, AEB, Frantzia, India, Japonia, Ipar Mazedonia eta Perukoak.

— 70 bat gonbidatuk parte hartuko dute 2024ko Punto de Vista jaialdian eskainiko diren proiekzioetan eta jardueretan, eta horien artean handia da nazioarteko profila dutenen ehunekoa: zinemagileak, programazio arduradunak, komisarioak eta abar.

— Profesional, ikasle eta kazetarien artean, dagoeneko 380 lagun baino gehiago akreditatu dira jaialdian. Akreditazioa online eskatzeko epea itxita dago, baina Baluarteko atondoan prestatuko dugun gunean eskatzen ahal da, jaialdi osoan.

— 6 egoitzatan eginen dira jarduerak: Baluarte, Golem Zinemak, Oteiza museoa, Civivox Condestable, Civivox Mendillorri eta Nafarroako Filmoteka.

Jarraitu irakurtzen


  • DataMartxoak 6
  • Gaia Ikus-entzunezkoa