Aldizkari bat erakusketa bihurtua Tabakaleran
Tabakalerak erakusketa batekin inauguratuko du 2024a: You want it to be art and I want it to be magazine. Hilary Lloyden eta Many of Them-en arteko elkarrizketa. Proposamen berria sorkuntza bultzatzeko eta euskal testuinguruko komisario eta sortzaileei plataforma bat eskaintzeko helburuarekin kultura garaikidearen nazioarteko zentroak iaz abiatu zuen lan-ildoaren barruan dago. Oraingo honetan, Donostian sortutako Many of Them argitalpen-proiektu berritzaileak eta Londresen bizi den Hilary Lloyd artistak euren indarrak batu dituzte artearen eta aldizkariaren arteko muga konbentzionalei desafio egiten dien erakusketa bat sortzeko. Muga tradizionalak zalantzan jartzera eta bi ikuspegi ezberdinen baina, aldi berean, osagarriren sinergian murgiltzera gonbidatzen ditu ikusleak ekimenak.
2022ko irailean sortu zen Hilary Lloyden eta Antonio Macarro eta Pedro Canicoba Many of Them proiektuaren sortzaileen arteko elkarlana, aldizkariaren hamargarren argitalpena aitzakia hartuta. Egitasmoa euren arteko etengabeko elkarrizketaren emaitza da. Erakusketak, arteari eta aldizkari-ikuspegiaren inguruko ideien arteko elkarrizketa gisa sortu da eta aldizkari bat ikuskatzeko esperientziaren eta erakusketa-gune batean murgiltzearen artean dagoen tartea bete nahi du.


