Gasteizko Jazz Jaialdiak Irakere 50 jazz latindar talde ospetsua bilduko du, Chucho Valdés buru
- Piano jotzaile kubatarrak omenaldia egingo die musika afrokubatarra irauli zuen taldearen 50 urteei
- Pablo Martín Caminero musikari arabarrak eta NDR Bigbandek Mendizorrotzako kontzertuak uztailaren 17an inauguratuko dituzte
Chucho Valdés eta Pablo Martín Caminero Gasteizko Jazz Jaialdiaren 47. edizioarekin bat egin duten lehen bi izenak dira. Bi musikariek bi proposamen interesgarri dituzte, Jaialdiaren filosofiari erantzuten diotenak: jazz zaleei mundu mailako proiekzio handiko interpreteak eta talentu gazte eta kalitate frogatuko formazio berritzaileak eskaintzea.
50 urte igaro dira Chucho Valdések Irakere sortu zuenetik, jazza, rocka, musika klasikoa eta Kubako erritmo herrikoiak uztartuz, musika afrokubatarra irauli zuen taldeak. Formazio hau, Orquesta Cubana de Música Moderna delakotik sortua, 2005era arte egon zen jardunean eta bertatik lau musikari belaunaldi pasa dira, ondoren bakarlari bezala karrera handiak egin dituztenak. 82 urterekin, Chucho Valdések horietako batzuk bildu ditu Kubako bandaren omenaldi honetan.


