Loraldia jaialdiaren 10. edizioa martxoaren 1etik 23ra egingo da, "Munduari begiratzeko modu bat" lelopean
- Euskal kulturaren askotariko diziplinatako 120 sortzaile bilduko dira Loraldia Festibalaren hamargarren edizioan. Jaialdia martxoaren 1etik 23ra egingo da, eta antzerkiari, bertsolaritzari, musikari, literaturari, ikus-entzunezkoei eta haien fusioei lotutako 28 jarduera izango ditu, uriko 13 kultura-espaziotan banatuta
- 23 egunez, euskarazko kulturaren topagune nagusia izango da Loraldia. Jaialdiak, besteak beste, sormenaren harrobia bultzatzeko talentu gazteen topagune bat izango du Loraldia Terminala ekimenaren bidez.
Euskarazko kulturaren hitzordu handia den Loraldia jaialdiaren hamargarren edizioa aurkeztu dute gaur goizean Arriaga antzokian Eider Inunciaga Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Gazteria eta Kiroleko diputatuak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Imanol Agirre Loraldia Festibaleko arte-programazioaren arduradunak, "Munduari begiratzeko modu bat" lelopean.
Euskal kulturaren askotariko diziplinatako 120 sortzaile bilduko dira Loraldia Festibalaren hamargarren edizioan. Jaialdia martxoaren 1etik 23ra egingo da, eta antzerkiari, bertsolaritzari, musikari, literaturari, ikus-entzunezkoei eta haien fusioei lotutako 28 jarduera izango ditu, uriko 13 kultura-espaziotan banatuta.
23 egunez, euskarazko kulturaren topagune nagusia izango da Loraldia Festibala. Jaialdiak, besteak beste, talentu gazteen topagune bat izango du Loraldia Terminala ekimenaren bidez, eta, bertan, talentu emergenteen proposamenak ezagutu ahalko ditugu; hauenak, adibidez: Araitz Katarain, Izaro Bilbao, Iñigo Xalbador, Janire Arrizabalaga, Amaiur Luluaga eta Eñaut Zubizarreta.
"Munduari begiratzeko modu bat" da aurtengo edizioaren leloa. Goiburu horrek Kirmen Uribek idatzitako poema bati egiten dio erreferentzia, zeina jaialdian entzun ahal izango baita, Munduari begiratzeko ikuskizunean. Euskarazko kulturaren topagune den heinean, erreferente handiek hartuko dute hitzorduan, esaterako: Kirmen Uribe, Jon Sarasua, Lorea Agirre, Miren Narbaiza, Toti Martinez de Lezea, Mikel Urdangarin, Nerea Arrien, Jon Maia, Rafa Rueda eta Patxo Telleria.
Izan ere, Loraldia Festibala ez da euskal kulturaren erakusleiho hutsa, euskal kultura bultzatzen duen eragile garrantzitsua ere bada. Horregatik, beste behin ere, ekoizpen propioak eta jaialdi honetarako bakarrik sortu diren proiektuak izango ditu.


