Andrea Jaurrietaren eta Clara Bilbaoren film berriak Malagako jaialdian lehiatuko dira
- Malagako zinema jaialdiak Nina" Jaurrietaren bigarren film luzea eta Tratamos demasiado bien a las mujeres, Bilbaok jantzien diseinatzaile lanean ibilbide arrakastatsua egin eta gero sinatu duen lehen film luzea, aukeratu ditu Sail Ofizialerako
Malagako Zinema Jaialdiak martxoaren 1etik 10era egingo du 27. edizioa, eta Sail Ofiziala zein filmek osatuko duten iragarri dute gaur. Tartean dira Nina Andrea Jaurrietaren bigarren film luzea eta Tratamos demasiado bien a las mujeres, Clara Bilbao bilbotarrak zuzendua.
Ninak EITBren parte-hartzea du, eta Nina (Patricia López Arnaiz) du protagonista: jaioterrira itzuliko da, 45 urterekin, bizitza hondatu zion eta herritarrak erabat alde dituen gizonari mendekua hartzeko. Kostaldeko herrian batuko dira, eta azalera irtengo dira iragana eta Blas, haurtzaroko laguna, mendekua bide bakarra ote den pentsaraziko diona, filmaren sinopsian azaldu dutenez.


