Opus Liricak 10. urteurrena ospatuko du, 2014an Donostian abian jarri zuen lehen opera, Donizettiren "Elixir de amor", aurkeztuz
- Opus Liricak XIX. mendeko maisulan hori moldatu du eta trama gaur egungo ingurune batera eraman du, non 16 eta 18 urte bitarteko gazteek eguneroko harremanak eta erronkak aztertzen dituzten. Proposamenaren helburua da XIX. mendeko musika-edertasuna eta gazteen errealitatea uztartzea
Gaur goizean Elixir de amor opera aurkeztu da Donostian, Opus Lirica konpainiak Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuarekin elkarlanean antolatua. Aurkezpenean izan dira María José Telleria Kulturako zuzendaria, Iker Sanchez-Silva musika zuzendaria, Pablo Ramos eszena zuzendaria eta Sheila Diaz de Cerio Iruñeko Julio Caro Baroja BHIko ingeles irakaslea. Elixir de amor opera Kursaalen antzeztuko da otsailaren 23an eta 24an, arratsaldeko 19:30ean, eta familia-emanaldia otsailaren 25ean izango da, 18:00etan.
Maria Jose Telleria Kulturako zuzendariak nabarmendu du opera publiko guztientzat demokratizatzearen garrantzia, batez ere lurraldeko gazteentzat. "Opera adierazpen artistiko aberats eta zirraragarria da, denek esperimentatzea merezi duena. Opus Liricak lan handia egin du opera gure lurraldera eta, bereziki, gazteengana hurbiltzeko. Elixir de amor lanaren moldaketa honek bi helburu ditu, batetik, obra klasiko bat berreskuratzea, eta, bestetik, obra hori egungo gazteentzat eskuragarri eta garrantzitsu bihurtzea, gure gizartean opera eta kulturarekiko maitasuna sustatuz", adierazi du Telleriak.
Opus Liricak, opera Donostiara hurbiltzeko helburuarekin konprometituta, 2014an Donostian aurkeztu zuen lehen opera berritu du. Elixir de amor lanaren moldaketa garaikideak gaur egungo ingurune batera eramaten du trama, non 16 eta 18 urte bitarteko gazteek eguneroko harremanak eta erronkak aztertzen dituzten. Proposamenak XIX. mendeko edertasun musikala eta gazteen errealitatea uztartzea du helburu, Opus Liricako abesbatzako kideek, arte eszenikoetako ikasleek eta "parkourra" eta ballet flamenkoa bezalako diziplinetako talentu gazteek osatutako talde bat erabiliz.
Elixir de amor giza izaerari eta egungo harremanei buruzko hausnarketa gisa aurkezten da, opera gazteengandik hurbil dagoen testuinguru batera eramanez. Estetika garaikidea makillajean, janzkeran eta eszenografian islatuko da, eta gazteek ezagutu ditzaketen espazioak erabiliko dira, hala nola auzoak, institutuak eta aisialdirako lekuak.


