Freddy Krueger izango da FANT - Bilboko Fantasiazko Zinemaren Jaialdiaren aurpegia 30. urteurrenean eta PRE-FANT zikloak "Pesadilla en Elm Street" filma proiektatuko du
- FANT maiatzaren 3tik 11ra egingo da, eta beldurrezko zinemaren ikono handi hau aukeratu du filmaren estreinaldiaren 40. urteurrenean
- Datorren ostegunean, otsailak 15, Golem-Alhondiga Zinemetako 1. aretoan proiektatuko da 19:30ean. Sarrera librea izango da esparrua bete arte eta gonbidapenak egun berean atera ahal izango dira zinemako leihatiletan 16:30etatik aurrera
Bilboko Udalak Freddy Krueger pertsonai mitikoa aukeratu du maiatzaren 3tik 11ra bitartean antolatuko duen FANT – Fantasiazko Zinemaren Jaialdiaren aurpegia izateko.
FANT bere azken xehetasunak amaitzen ari da bere 30. urteurrenari begira. Aurten, aurreko edizioetako ildo grafiko berari jarraituz, Zinemaldiak fantasiazko zinemako pertsonaiarik mitikoenak ikusarazi nahi izan ditu, eta aurten, Pesadilla en Elm Street pelikularen protagonistak jarriko dio aurpegia kartelari: beldurrezko zinemaren ikono handienetariko bat, Freddy Krueger, Robert Englund aktoreak antzeztua.
"1, 2 Freddy zure bila dator. 3, 4 itxi atea. 5, 6 gurutzea hartu. 7, 8 esnatuta egon. 9, 10 ez duzu lo gehiago egingo" abesten zuten Wes Cravenen pelikulan zinemako neskarik tetrikoenek, David Cronenberg eta John Carpenterrekin batera, egungo beldurrezko zinema ulertzeko funtsezko zinemagileetako bat den filmean.
Zintak berehalako arrakasta lortu zuen, Elm Street kaleko nerabeen amesgaiztoetan sortzen zen pertsonaia beldurgarri batekin (1963an John Kennedy presidentea hil zuten bide beraren izena), haiek hiltzeko, Freddyk ametsen munduan egiten zituen ekintzek benetako bizitzan eragina baitzuten.
Aurten, filmaren estreinaldiaren 40. urteurrenarekin bat eginez, bilau lizun, ironiko eta kezkagarri honen lehen planoak osatzen du FANT Bilbao jaialdia iragartzeko kartela.
Irudia egiteko, Trick Or Treat Studios-en (atrezzo zinematografikoan eta efektu berezietan adituko estatubatuar etxea) maskararen, eskularruaren eta kapelaren erreplikak erabili dira.
PRE-FANT PROIEKZIOA
Kartela inspiratzen duen filma gaztelaniazko azpitituluekin ikusi ahal izango da, jatorrizko bertsioan, aurtengo PRE-FANT zikloaren lehen proiekzio gisa, datorren ostegunean, hilak 15, 19:30ean, Golem-Alhóndiga zinemetako 1. aretoan. Sarrera doakoa izango da, eta aldez aurretik jaso beharko da leihatilan, egun berean, 16:30etik aurrera.
Pesadilla en Elm Street (A Nightmare on Elm Street). Springwood (Ohio) fikziozko herri txikiko gazteek amesgaiztoak izaten dituzte eta, bertan, suak deformatutako eta hortz zorrotzetan amaitutako eskularru bat daraman gizon bat atzetik joaten zaie eta hil egiten ditu. Iragan higuingarria izanik, Freddy Krueger da gazteak lo dauden bitartean hiltzen hasten den pertsonaia.


